Eguraldi ona amaitu ez dan arren aurtongo udan Bizkaia zeharkatu daben erromesen datuen barri euki dogu. Hogei mila inguru izan dira eta horreetariko erdiak baino gehiagok aterpeak beteta topau dauz. Santiago Bideko boluntarioen alkartetik dinoe pandemia aurreko zifretara itzuli dirala. Alkarte honetan dagozan aterpeetatik harago dozenaka dira Bizkaian erromesei aterpea eskeintzen deutsezan ostatuak.
Gaizka Larruzeak zazpi urte daroaz Muxika eta Errigoiti artean dagoan Pozueta baserri-aterpera gerturatzen diranei zerbitzua emoten. “Kafea, etxeko bizkotxoa, esnekiak, ogi xigortua, frutea etabar luzea prestetan deutset, gosari energetikoa egiten ahalegintzen naz” azaldu deusku Larruzeak.
“Pasa dan urtean erromesak berreskuratzen hasi ginan baina aurton asko hazi da, topera gabilz” zehaztu dau Pozuetako jaubeak. Baserri-aterpeak 16 lagunentzako lekua dauka eta honeetan egunetan Madrilgo, Taiwango, Alemaniako, Frantziako eta AEBetako erromesak euki dabez.