Garazi Navarro bertsolariagaz izan gara Herriz Herri saioan, Amoroton. Amorotarra da Navarro. Markinako Bertso Eskolako kidea da, eta prest dago aurtengo bertso saio berezirako. Bertso trama izenaz hasi zan orain dala urte batzuk. Aurten ‘berezia’ jarri deutsie abizena.
Zezeilaren lehen asteburuan egingo dabe Markina-Xemeingo Gaztetxean. “Euskobision” izango da. Navarrok aitortu dau lehenengoz parte hartuko dauela eta gogotsu dagoela. Eskolakideak izango ditu saioko kide be. Nerea Ibarzabal Bizkako txapeldun eta Euskal Herriko finalistea eta Xabat Galletebeitia Bizkaiko finalistea beste batzuen artean.
Navarro unibertsidade sasoian hasi zan bertsotan. Berandu, beste bertsolariein konparau ezkero. Hasieran, ezinezkotzat joten ebana egingarri ikusi eban. Santutxuko bertso eskolan egin zituan lehen urratsak. Harrezkero urteak joan dira, eta gustora dabil plazarik plaza.
Urtarrilaren azken asteburuan, Antzuolan kantauko dau eta zezeileko lehenengoan, Markinan. Udabarrian, Bizkaiko Txapelketarako sailkatzekoa dator. Navarrok gustuko ditu txapelketak zein bestelako plazak. Batzuek besteetarako ikasteko balio dabela uste dau.