Aingira europarra -eta, ondorioz, angulak– Babes Bereziko Basa-faunaren zerrendan eta Mehatxatutako Espezieen Katalogoan sartzeko eskatu deutso Eguzkik Trantsizino Ekologikorako Ministerioari. Eskaera hau egin dau, dokumentu biak eguneratzeko Ministerioak abiatu dauan kontsulta-prozesuaren barruan.
Garikoitz Plazaola Eguzki talde ekologistako kideak azaldu deuskunez, zientzialarien artean ez dago angulearen egoerearen larritasunari buruzko eztabaidarik. Datuen arabera, orain dala 50 urte Sargazoen itsasotik gure itsasadarretara iristen ziran 100 angulako, gaur egun 8,8 baino ez dira iristen. Eta Ipar Itsasoan egoerea larriagoa da: 0,4 baino ez.
Naturaren Kontserbazinorako Nazinoarteko Erakundeak (IUCN) 2008an sartu eban aingirea mehatxatutako espezien zerrendan, “galzori larria” kategorian. ICES-ek (Itsasoa Ikertzeko Nazinoarteko Kontseilua) urteak daroaz esaten angulea segurtasun-muga biologikoetatik kanpo dagoala, arrisku larrian. Gauzak holan, Europar Batasunak neurri batzuk hartu dauz azken urteotan, nahiz eta debeku osoa onartu ez. 2023an, esaterako, aisialdiko arrantza debekatu eben. Baina egoerea gero eta okerragoa da Eguzki talde ekologistearen esanetan. Garikoitz Plazaolak esan deuskunez, eurak angulea harrapatzeko debeku osoa ezartzearen aldekoak dira. “Eteteko unea da, danon artean espeziea berreskuratu ahal izateko” gaineratu dau Plazaolak.