Barik txartel guztiek %50eko deskontua izango dabe otsailetik aurrera. Bizkaiko Garraio Partzuergoak atzo hartu eban behin betiko erabagia. Aldundiak herritarren mesederako neurriei inoiz ez deutse uko egin Jesus Lekerikabeaskoa EAJko batzar-kidearen esanetan. EH Bilduko Iker Casanovak esan dau Garraioen Patzuergoak deskontua kentzeko hartutako erabagia zuzendu izana barri ona dala eta jendeak eragindako presinoak bere furituak emon dauzela. Bien bitartean Elkarrekin Bizkaia taldeko Eneritz de Madariagak esan dau alderdi politiko guztiek mogikortasunari begira adostutako neurrietan ez zala bonifikazinoagaz amaitzeko ezer adostu.
Etorkizunari begira
EAJk uste dau garraio publikoan izandako bidaiarien kopuruaren igoerea aztertu beharko dala ondorengo urteetarako erabagiak hartu ahal izateko. “2023an 62 milioi euro jarri ziran bonifikazinoetarako. 2019tik 2023ra bitartean garraio publikoaren erabilerea %3 hazi ei da, laster datu ofizialak ezagutuko doguz. Aztertu beharko da” azaldu dau Lekerikabeaskoak.
EH Bilduren eretxian jendeari mogitzeko modua aldatzeko eskatu behar jako baina horretarako hori posible egiteko aukerak eskaini behar jakoz. “Garraio publikoaren aldeko politika ausartak behar dira eta horreetan merketze politikak sartzen dira” azaldu dau Casanovak.
Elkarrekin Bizkaia taldetik dinoe tarifikazino barria sortu arte hobarien politikea mantendu behar dala. “Neurri estrategikoa da, ez bakarrik ikuspegi ekologikotik baita ikuspuntu sozialetik be” azaldu dau De Madariagak.