
Laukizko Gaztedi sokatira taldeak 100 txapela lortu dauz dagoeneko. Orain hamar egun, Laukizen bertan, Euskadiko Lur Gaineko Txapelketea jokatu zan, eta 600 kiloko gizonezkoen kategorian eta 540 kiloko emakumezkoen kategorian nagusitu zan Gaztedi. Klubaren historiako 99. eta 100. txapelak, hain zuzen be.
Bizkaia Irratiko Lau Haizetara irratsaiotik pasau dira Maider Gomez eta Aimar Gaminde tiralari gazteak. Maiderrek urte bi daroaz Gaztedin, eta Aimarrek, barriz, sei urte. Pozik dagoz orain arte lortutakoaz. Maiderrek “esperientzia ikaragarria” izan dala azaldu dau, eta “taldearen parte izatea, hain une garrantzitsu baten, ohore bat izan da” gaineratu dau. Aimarrek be azpimarratu dau kolektiboaren garrantzia. Une honetan Euskadiko Lur Gaineko Txapelketea jokatzen dabilz, gizonezkoetan 560 kilotan eta emakumezkoetan 500 kilotan. Irailean, barriz, Ingalaterran, Nottingham-en jokatuko dan Munduko Txapelketa-n izango dira Gaztedi taldekoak. Igaz Alemanian lortutako emaitzak bardintzea, eta ahal bada, hobetzea itxaroten dabe.