Urriaren 17an, pobreziaren kontrako nazionarteko egunean, Bilboko Sabino Arana kalean Caritasek daukan jantoki sozialean egon gara. Egunero 200 pertsona ingururi jaten emoten deutsie, horreetariko gehienek jantokian bertan bazkaltzen dabe eta beste batzuk janaria tupper-etan eroaten dabe. Hamsa sukaldaria goizeko 08:00etan hasten da bazkaria prestetan. Gaurko menua: zainzuriakaz, muskuiluakaz eta tomateagaz egindako entsaladea, arrautz egosiak saltsa berdean eta madaria. Zentroan erropea garbitzeko eta dutxa bero bat hartzeko aukerea be eukiten dabe.
“Jantoki sozialean ez dogu janaria bakarrik eskaintzen, gertutasuna, duintasuna eta lasaitasuna eskaintzen doguz” azaldu deusku Gemma Orbek Caritaseko etxerik bakoen zerbitzuko buruak. Jantokiagaz batera Gertu eta Giltza programa daukiez eta erabiltzaileei arreta psikosoziala eskaintzen deutsie gizarte langileen bitartez. Bilbon gero eta etxerik bako pertsona gehiago dagozala esan deusku Gemmak. “Gehienak migrazino prozesuetan heldutako gazte atzerritarrak dira eta danak ez dira kalean bizi, baten batzuk etxoletan edo gitxieneko baldintzarik ez daben aterpetan bizi dira. Eurei be laguntzen deutsegu” azaldu deusku Orbek.