Kopa txapelketeari ekingo deutso Lointek Gernika Bizkaiak datorren barikuan Zaragozan Girona taldearen aurka jokatuko dauen partiduan. Gernikarrek galdu egin eben ligako azken partidua Malosten, Cadi La Seuren aurka. Dana dala, ez dogu ahaztu behar Anna Montañanaren taldeak irabazi egin ebazala aurretik jokatutako bost partiduak. Liga txapelketako sailkapeneko lehen zortzirek lortzen dabe kopea jokatzeko txartela eta Gernikarentzat gauza handia da beste urte betez ligako zortzi onenen artean egotea.
Kopea, lehiaketa berezia da eta edozer gertatu daiteke edozein kanporaketetan. Gogoratu besterik ez dago gizonezkoen txapelketan gertatutakoa. Ibon Navarroren Unicaja Malagak lortu eban garaipena faborito nagusi biak -Real Madrid eta Bartzelona- kanporatu eta finalean Txus Vidorretaren Tenerife menderatuta. Itziar Ariztimuño joko antolatzaileak konfiantza handia dauka bere taldearengan eta uste dau Girona faboritoari irabazteko gauza dirala. Ez da erreza izango. Izan be, talde kataluniarrak goi mailako eta esperientzia handiko jokalariak ditu-eta.
Bariku iluntzean jokatuko dabe gernikarrek Gironaren aurka eta ez dira bakarrik egongo Zaragozako pabilioian, Gernika-Lumoko zaleen laguntzea eukiko dabe-eta. Itziar Ariztimuño eta Anna Montañana entrenatzailearen berbak jaso ditugu Bizkaia Irratiko Jokoan kirol tartean.