Abenduro lez, Gernika-Lumoko Marijesiak izango dira hileon. Marijesiak gizon-emakumeez osotutako taldeak dira, Gabonen aurretik Jesusen jaiotzari inguruko bertsoak abesteko ibilbideak egiten dabezanak. Errondak egin aurretik, Marijesien ganeko urteko batzarra egiten dabe Gernikan, urte bakotxeko zereginak alkarren artean banatzeko asmoz. Aurton, azaroaren 28an, barikuz, egin eben eta Denis Azkarate bakarlariak parte hartu eban.
Batzarrera aurreko urtean baino jende gitxiago hurreratu arren, Azkaratek esan deuskunez, pozik dagoz. Errepertorioa betiko bera da, baina denporaren poderioz hedatuz joan dira Marijesiak. Izan be, antzina herriko alde zaharrean ibilten ziran bakarrik; gaur egun, udalerriko eremu guztietara heltzen dira.
Abestuko dabezan bertsoak prestatzeko asmoz, entsegu orokor bakarra egingo dabe aurten, abenduaren 8an. Hain zuzen be, aitatutako egunean erabagitzeke dagoan kontu bakarra zehaztuko dabe, batutako dirua norentzat izango dan, alegia. Izan be, barikuko batzarrean ez zan proposamenik egon eta erabagia airean gelditu zan.
