
Gernika-Lumoko Astra kultur espazioan ikusgai dago urriaren 30era arte Gernikak. Begiradak erakusketea. Xanti Arrieta bergarar artistearen lanek eta euskal kulturako sortzaile ugariren gogoetek osotuten dabe erakusketea. Txema Ramirez de la Piscina kazetaria eta EHUko irakasle ohiaren esanetan, Xanti Arrietaren obrarik sakonena eta intimoena da Gernikak. Begiradak erakusketea. Picassoren Guernica obratik abiapuntuta, Arrietak margolan horretan agertzen diran irudiak berrinterpretau dauz, eta oraingo testuinguruan kokatu dau, orduko lekukotasunak berreskuratuz eta egun euskal kulturan erreferentzialak diran hainbat pertsonaren begiradak jasoz.
Onintza Enbeita, Nerea Ibarzabal eta Amets Arzallus bertsolariak, Kirmen Uribe eta Castillo Suarez idazleak, Eñaut Elorriet musikaria, Patxi Ibarzabal hezitzailea, Maite Aristegi nekazaria, eta Martxelo Otamendi eta Txema Ramirez de la Piscina kazetariek hartu dabe parte. Azken hau arduratu da testuen eta kolaboratzaileen koordinazinoaz.
Gernikak. Begiradak erakusketea urriaren 30era bitartean egongo da ikusgai, eta bitarte horretan, hausnarketa kolektiboa bilatzen daben hitzaldi pare bat eta liburu baten aurkezpena hartuko dauz Astrak. Barikuan, urriaren 10ean (19:00etan), Josu Chueca EHUko irakasle eta Gerra Zibilari buruzko ikertzaileak Euskal haurrak guda zibilean hitzaldia eskainiko dau. Urriaren 24an (19:00etan) Josu Ibargutxi frankismoaren biktimak Frankismoko krimenak eta jarritako kereilak gaiaren inguruan egingo dau berba. Eta urriaren 30ean (19:00etan), Sabino Cuadra diputadu ohiak Los victimarios liburua aurkeztuko dau.