Alokairuei buruz Gorka Mostajo, Angel Toña eta Imanol Alvarezen eretxiak batu doguz

Bizkaiko 19 udalerritako udalek etxebizitzetako alokairua mugatu ahalko dabe

Getxo, Abando eta Lekeitio alokairurako tentsino handiko eremutik kanpo

Bilboko Abandoibarra auzoa / Bizkaia Irratia

Euskadiko 41 herritan tentsino handiko eremuak identifikau dauz Eusko Jaurlaritzak; auzo bat edo udalerri oso bat tentsino eremu izentetako baldintza bi jarri dauz Madrilek onartutako Etxebizitza Legeak. Batetik, alokairuaren azken 5 urteetako prezioen igoerea KPI gehi hiru puntu baino handiagoa izatea. Hau da, EAEn %17ko igoerea baino handiagoa izatea. Bestetik, etxebizitza-gastuen batez besteko karga familia unidadearen errentaren % 30a baino handiagoa izatea.

Kasu bi horreek emoten dira Barakaldon, Basaurin, Berangon, Etxebarrin, Santurtzin, Sestaon, Sondikan eta Urdulizen. Herri honeetan udalerri osoa izango litzateke tentsino handiko eremu. Beste honeetan guztietan auzo batzutan baino ez: Galdakao, Gernika, Bermeo, Leioa, Ortuella, Erandio, Arrigorriaga, Balmaseda eta Abanto-Zierbena. Bilboko kasua oso esanguratsua da, Bilboko auzo gehienak tentsino handiko eremu izan leitekezalako, salbuespena Abando eta Indautxu litzatekez. Getxo be zerrendatik kanpo geratu da. Kontua da Getxon, Abandon edo Indautxun orain dala 5 urte prezioak jada oso altuak zirala eta gainera errenta altuko familiak bizi dirala. Zerrendatik kanpo geratu dira be Durango, Mungia eta Lekeitio.

Hemendik aurrera udalek eurek egin beharko dabe tentsino handiko eremuko izendapen ofiziala jasoteko eskaerea. Portugaletek eta Barakaldok egin dabe dagoeneko. Tentsino handiko eremuan egoteak alokairuan dagoan maizterrari onurak eragingo deutsoz. Kontratua amaitzean baldintza berberetan luzatu ahalko dabe hiru urtez eta maizter barrien kasuan alokairuaren prezioa aurreko kontratuaren parekoa izango da. Eusko Jaurlaritzak egindako txostenaren arabera Euskadiko biztanleriaren %54, hau da 1,2 milioi pertsona tentsinopeko zonaldetan bizi da.

Gai honetaz berba egin dogu Goizeko Izarretan saioko tertulian. Angel Toña Jaularitzako sailburu ohiagaz, Gorka Mostajo gazte getxotarragaz eta Bilbon bizi dan Imanol Alvarezegaz berba egin dogu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular