Belaunaldiz belaunaldi, emakumeek itsasoagaz lotuta egin daben lana aldarrikatzeko eta ikusarazteko egitasmoa

Labayru Fundazinoak, Eusko Jaurlaritzaren babesagaz liburu bat eta 12 bideo sortu dauz

“Geu be bagara itsasoa” andrazkoek itsasoan izan daben garrantziaren lekuko

Saregileak lanean / Bizkaia Irratia

Geu be bagara itsasoa titulupean andrazkoek itsasoaren munduan izan daben garrantzia nabarmendu gura izan dau Labayru Fundazinoak; euren zeregina emazte eta ama izatea baino askoz be zabalagoa izan dalako. Itsasoko emakumeen egitekoa gizonezkoen lanaren osagarri izan bada be, ezinbestekoa izan da arrantza jardueran eta nahitaezkoa portuko ekoizpen-katean; behin portura helduta, lanik gehienak emakumezkoek egiten izan dabez eta. Euren bizimodua gure ondare immateriala da, eta jagon egin behar dogu.

Kostaldeko emakumeak nortasun handikoak izan arren, euren ogibideak eta egiten daben lana ezkutuan geratu dira; ikusgarritasunik eta aitortzarik barik. Horregaitik Labayru Fundazinoak, Eusko Jaurlaritzaren babesarekin, ikerketa hau egin dau andreon egitekoak ezagutzeko, lanbide horren bilakaera ikusteko, eta egindako ahalegin guztia eskertzeko eta baloratzeko. Andrazkoen papera oso garrantzitsua izan da, behin portura helduta, makinatxo bat lan emakumeek egiten dabelako: arraina deskargatzen lagundu, garraiatu eta salmentarako prestatu; sareak konpondu; arraina saldu… Horregaitik, sektore hori aztertzekotan, beharrezkoa da emakumeen zereginak aitortzea eta ezagutzea.

Jasotako edukiak euskarri bitan argitaratu dira: 165 orrialdeko liburua (euskaraz eta gaztelaniaz). Horrez gainera, 12 ikus-entzunezko labur sortu dira. Horretako batzuk atal monografikoak, eta beste batzuk emakumeok  amankomunean dabezan ezaugarriak jasotzen dabezanak. 12 bideo laburrak honeek dira : 1. Aurkezpena; 2. Sareginak; 3.Neskatilak; 4. Enpakatzaileak; 5. Arrain-fabriketako beharginak; 6. Arrain-saltzaileak; 7. Enpresa-andreak; 8. Kresalak moldatutako nortasuna; 9. Itsasoa odolean; 10. Portuan lanean; 11. Itsasoko emakumeen alkarteak; 12. Itsasoko lanbideen etorkizuna.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular