Iñaki Osa “Goikoetxea”k bere kirol ibilbideko azken partidua jokatuko dau datorren otsailaren 18an Gernikako Jai Alai pelotalekuan, Winter Series torneoaren finalean. Goikok eta Unai Lekerikabeaskoak txapelketearen lehen finalaurrekoa jokatu eben astelehenean Johan Sorozabal eta Imanol Lopezen aurka. Aurretik itxaroten zan lez, parekotasuna izan zan nagusi Jai Alai frontoian eta azken tantoan erabagi zan finalerako sailkapena.
Zumaiako aurrelariak eta Gernikako atzelariak indartsu ekin eutsoen norgehiagokeari eta garaipena eskuratu eben lehenengo setean, eurek aukeratutako pelota biziari etekin ona atarata. Bigarren setean, ostera, Johan eta Imanol Lopezen erantzuna etorri zan. Pelota motelagoa aurkitu eben otzaran eta menderatu egin ebezan Goiko eta Lekerika. Halanda ze, hirugarren seta jokatu behar izan eben denporaldiko torneorik garrantzitsuenerako sailkapena eskuratzeko. Eta partiduan zehar gertatu zan lez, parekotasuna izan zan nagusi hirugarren jokoan be. Goikoetxea eta Lekerika 3-1 aurreratu baziran be, Johanek eta Lopezek ez eben amore emon eta hirunako bardinketea jarri eben markagailuan. Hurrengo tantoa Goiko eta Lekeren aldekoa izan zan baina Lopezek launako bardinketea ekarri eban pelotea txapa ganera bialduta. Launako bardinketeagaz, Sorozabalek atara eta Lekerikak ondo erantzun eban errebesez. Peloteak hormarako bidea hartu eban eta Lopezek ezin izan eban eroan. Holan amaitu zan frontoian bildutako zaleen gozamena ekarri eban finalaurrekoa.
Goikok eta Lekerikak datorren astelehenean jakingo dabe zein bikoteren aurka jokatuko daben finala. Aritz Erkiagak eta Jon Ibarluzea bizkaitarrek, Jean Olharan eta Julen Del Rioren aurka jokatuko dabe, faborito garbi bako finalaurrekoan. Finala, otsailaren 18an jokatuko da. Aurreko astelehenean, hirugarren posturako partidua izango da ikusgai.