Gontzal Murgoitio korrikalari elorriarrak Espainiako mendi lasterketen eta kilometro bertikalen txapelketak irabazi ditu promesen mailan aurreko asteetan. Ondorioz, bizkaitarra Montenegron bagilaren amaieran jokatuko dan munduko txapelketan izango da. Murgoitio bere bolada onari jarraipena emoten ahaleginduko da.
Hain zuzen be, Gontzal Murgoitiogaz egin dogu berba Jokoan irratsaioan. Murgoitio pozik dago, azkenengo hileetan burututako entrenamendu onei esker garaipenak lortu dituelako promesen mailan. Dana dala, aurtengoa bere azkenengo denboraldia da aitatutako mailan. Halanda be, gogotsu dago etorkizunean etorri ahal danagaitik: “Espero dot helduen kategorian be irabazten jarraitzea”.
Murgoitio zazpi biderrez izan da Espainiako txapeldun hainbat mailatan. Halanda be, aurtengo mendi lasterketan lortutako garaipena izan da bereziena berarentzat. Batetik, aurretik lortutako emaitzak ez ziralako onak izan. Bestetik, lesino batzuk be pairatu izan ebazalako jarraian. Halanda be, garai iluna dagoeneko atzean itxi dau eskuratutako garaipenekaz.
Futboletik lasterketetara
Gontzal Murgoitio futbolean ibili zan 2018ra arte. 17 urte eukazala, futbola itxi eta bakarkako kirol baten murgiltzeko erabagia hartu eban. Orain arte lortutako emaitzak ikusita, argi dago Murgoitiok hartutako erabagia zuzena izan zala. Gainera, oso pozik eta zoriontsu dagoala igarri egiten jako.