Bizkaitarren %32k uste dau dau andrazkoek zaintzarako gaitasun handiagoa dabela gizonek baino 

Intermon-Oxfamek Bizkaian zaintza eredu barri baten premina nabarmendu dau

Gotzone Olarra: “Jendeak zaintzarako laguntzen bila joten dau baina ez dauz topetan”

Gotzone Olarra / Bizkaia Irratia

Intermon Oxfamek egindako ikerketa barri batek dino bizkaitarrek zaintzaren pertzepzino zabala dabela. Hamarretik bederatzik uste dabe zaintza kontuak adinekoei edo umeei laguntzea dirala, hamarretik zortzik etxea garbitzea eta janaria prestatzea be zaintzeagaz lotzen dabez. “Honek zaintzari buruz dekogun ikuspegiari asko laguntzen deutso”  esan deusku Gotzone Olarrak (Intermon-Oxfam) gaur Goizeko Izarretan.

Zaintza lana, oso lan neketsua, higadura handiakoa edo izaera afektibo sendokoa dala dinoe eretxia emon daben gehienek. “Hau oztopo bat da, pertsona askok zaintzan sufriduten dabelako. Danoek dinoe zaintza oso garrantzitsua dala baina sufriduten dala, emozionalki be mingarria dala. Sentsazino horrek ez dau gauza ona be dala ikusarazoten izten” esan dau Olarrak.

Pertsonen %65ak uste dau zaintza-sistemea emakumeek sostengatzen dabela. Are gehiago bizkaitarren %32k uste  dau andrazkoek zaintzarako gaitasun handiagoa dabela gizonek baino. “Urtetan emakumeak zaintza egitera irakatsiak izan gara eta oso barruan sartuta dekogu eta gizonak  zaintza ez egitera irakatsiak izan dira eta oso barruan daukie. Diskurtsoan, azalean, aldaketak igerri doguz baina barrura joanda androk zaintza errudun sentsazinotik sufriduten dogu eta gizonek zaintzara behartuta ikusten dabe euren burua” esan dau Olarrak.

Inkestan parte hartu dabenen %47,5ak uste dau zaintzak profesionala izan behar dauela, erakundeek publikoek bultzatuta eta enpresen laguntzeagaz kontziliazinoa errezteko. Era berean, ikerketan zaintza zerbitzuen eskasia eta eskura ezintasuna azpimarratzen dira. Bizkaian biztanleriaren %33 menpekotasun egoeran dagozan 65 urtetik gorako pertsonak dabezan etxeetan bizi da, %26 gaixorik dagozan pertsonak dabezan etxeetan edo %23 desgaitasunen bat daben pertsonakaz.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular