Greenpeace talde ekologisteak iragarri dauanez, datozen hamar urtetan hondartzak galtzen hasiko gara. Itsasoaren mailaren igoerea, itsasoko uraren tenperaturaren igoerea, muturreko fenomeno metereologikoen gorakadea eta gehiegizko turismoaren ondorioetariko bat izango da hondartzen galera. Aurreratzen dabenez, 2030. urterako eragin oso larriak izango dira besteak beste, Bilbon. Itsasoak ordureko kostaldeko 40 metro hartu izanaz ohartuko gara. Greenpeace taldetik, Lorea Floresek esan deusku, kostaldea egoera larrian dagoala.
Euskal kostaldea
Crisis a toda costa dauka izena Greenpeace taldeak egindako txostenak. Honetan, espainiar kostaldeak daukazan zortzi mila kilometroen egoeraren erradiografia egin dabe. Egoera larrienak, Bartzelonan, Palman eta Valentzian bizi dira baina gurean be kontuan hartu beharreko leku bat baino gehiago dagoz. Guggenheim Urdaibai proiektua da Greenpeacentzat, arreta deitzen dauanetariko bat. Ez dabe ontzat emoten geratzen dan biosferaren erreserba gitxienetariko baten holango museo bat eraikitzea. Muskizek be puntu baltza izaten jarraitzen dau eurentzat, Petronor lantegiaren eraginez. Lemoizen, zentral nuklearra egoan lekuan piszifaktoria bat egitea be ez dabe ondo ikusten eta gauza bera dinoe Getarian jarri nahi dan atun gorria loditzeko zentruaz.
Neurriak
Greenpeace taldeak, egoereari aurre egiteko neurriak zeintzuk diran emon dau jakiten. Negutegi eragina daukien gasen murrizketea, zientziak emten dauazan aholkuak kontuan hartzea kostaldearen ganeko arauak zehazterakoan, kutsadureagaz amaitzea, gehiagizko turistifikazinoari neurria jartzea edo aldaketa klimatikoaz dagozan prebisinoak sartzea urigintza planifikazinoak egiten diranean.