Gaur egun Iurretako 15-20 emakume astero birritan batzen dira korrika egiteko

2015. urtean sortu eben Gu be bai runners Iurreta taldea, Iraia Garcia atleta ohiaren eskutik

Gu be bai runners Iurretan

Gu be bai runners taldea 2015. urtean sortu eben Iurretako Udalak eta Iraia Garcia atleta ohi zornotzarrak. Herriko emakumeek korrika batera egiteko ekimena da honakoa, eta aurtengo ikasturtean, 15-20 emakume batzen dira Iurretan. Astean birritan alkartzen dira: astelehenetan (presentziala) eta eguaztenetan (birtuala), 19:00etatik 20:00etara, Iurretako plazan.

Iraia Garciak Herriz Herri saioan azaldu deuskunez, berak entrenetan urtetan ebanean, beti ikusten eban emakumeren bat kirola egiten, eta hausnartu eban emakume gehiago izango litzatekezala taldeka urtengo balebe. “Gaur egun, zorionez, aldatu egin da. Emakume asko ikusten dira gimnasioan, kalean, mendian… baina lehen ez zan hori gertatzen” esan deusku Garciak.

Edozein edadeko emakumeek parte hartu leikie Gu be bai runners Iurreta taldean. Ekimen honetan egoera fisikoa eta psikologikoa zaintzen dabe, hartuemonak sortuz eta estutuz, konfiantza landuz eta indartuz, orokorrean, emakumeen ahalduntzea bultzatuz.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular