Koldo Zelestinoren esanetan ez da nahikoa ikasketak euskeraz egitea

Ekimenak fase bi eta kantu bat daukaz

“Guk ere bai”, umeei euskeraz bizi daitekeela erakusteko ekimena abian Bilbon

"Guk ere Bai" ekimenaren kartela / Bizkaia Irratia

Hainbat lagun alkartu da Bilbon, “Guk ere Bai” ekimena abian jartzeko. Tartean dagoz ikastetxeetako irakasleak, gurasoak, kirol taldeetako kideak, aisialdiko begiraleak, auzoetako herri taldeak, euskaltzaleak…Ikasketak euskeraz egin arren, haurrek kalean, euren artean edo gurasoakaz ez dabe euskerarik egiten. Bultzatzaileen artean dagoan Koldo Zelestinok esan deusku, ez dala nahiko ikasketak euskeraz egitea. Bilbon, haurrak, euskeraz bizi daitekeela konturatu daitezela nahi dabe eta era horretara sortu da “Guk ere Bai” ekimena. Urrian jarri da abian.

Fase bi izango dauz

Lehenengo fasea urriaren 23tik abenduaren 3ra bitartekoa izango da. Honen barruan ikuskizunak eta kalejira antolatu dabez. “Txintxeta, Klipa eta Txorroskilo pailazoak” ikuskizuna izan da eskeini dan lehenengoa Bilboko Kafe Antzokian. Leku berean, zemendiaren 6an “Zu eta ni sudurluze bi” ikusi ahal izango da, Zirtaka antzerki taldearena. Zemendiaren 20an barriz, “Maddi Pirata” antzezlan musikala eskeiniko da. Abenduaren 3an, bestalde, kalejira eta haur jaialdia antolatu dabez. Plaza Barrian hasiko da kalejira arratsaldeko bostetan. Handik Kale Nagusirantz abiatuko dira. Eingo taldea izango da lagun. Ondoren, haur jaialdia hasiko da BBK Salan. Pailazoak, Yogurinha Borova, Eleder magoa eta disko festa izango dira Mugi Zaitez taldeagaz.

Bigarren fasea urtarrilean hasiko da. Lan egiteko fasea izango da. Parte hartu nahi daben guztiak ezinbestekoak izango dira. Era ezberdinetako ekimenak pentsatu, hausnartu, proposatu eta bultzatzea da asmoa.

Kantua

“Guk ere Bai” ekimenak kantua be badauka. Koldo Zelestinorenak dira abestiaren berbak. Paul Urtiagarena da musikea. Bideoklipa be sortu dabe. Ikastetxeetan badabiz kantuaren ganeko koreografiak sortzen. Horrez gain, zapiak lantzen hasita dagoz, marrazkiak edo bertsoak asmatzen, kartelak ipintzen…guztia, euskeraz bizi daitekeela erakutsi ahal izateko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00