Emakumearen Nazinoarteko egunaren harira, Bilboko Eleizbarrutiak seigarren urtez autorpena egingo deutse 8 emakumeri Bizkaiko Eleizearen aldeko konpromisoagatik. Oraingoan, euren eguneroko lan eta zerbitzuan, abegia eta inklusibidadea sustatzen daben emakumeak autortu gura dira. Aintzane Monteverdek, Lucia Cerdák, Maite Fernandez de Agirrek, Mari Puy Inzunzak, Maria Jesus Sanzek, Nekane Landaribarrek, Nely Ramonek eta Susana Mallok jasoko dabe autorpena.
Martiaren 8an, eguerdiko 12:30ean, Indautxuko Karmeneko Ama parrokiako areto nagusian ospatuko da ekitaldia. Kerman Lopez bikario nagusia izango da buru ekitaldian, Espainiako Gotzain Batzarraren Osoko Bilkuran dagoan On Joseba Segura gotzainaren ordez.
Mari Puy Inzunza eta Nekane Landaribar alkarrizketatu doguz Lau Haizetara saioan. Mari Puy Inzunza Mañariko parrokiako alkartezaina da, beste pertsona bategaz batera. Bere konpromisoa “parrokiako pastorala bere osotasunean atendidutea eta laguntzea da, bai liturgia, katekesia, behartsuen arloa, ekonomia, patrimonioa…” esan deusku. Gainera Caritaseko Pastoral Barrutiko arduraduna be bada. Pastoral Barruti baten Caritaseko kontsiliario izan zan lehenengo emakumea da. Aspaldi hasi zan Mari Puy Inzunzaren ibilbidea Mañariko parrokian. Jaiotzatik dago lotuta Mañariko eleizari. Liturgian, katekesian, gazteen taldeetan… lagundu izan dau.
Nekane Landaribar ondarrutarrak be urte asko daroaz herriko parrokiagaz lotuta. “Nire kristau sinismena sakondu eta sendotzeko aukera eder bat izango zala-eta konpromisoa hartu neban parrokian orain 34 urte” azaldu dau Landaribarrek. Abesbatzako kide da eta 1990ean hasi zan katekista lanetan. Sendotzako gazteen taldeetan laguntzaile izan zan, irakurle Euskaristietan eta Jose Mari Rementeria abadea buru zala, Bizkaia Irratitik emoten ziran mezetan parte hartzen eban. Laikoei eskainitako hainbat heziketa eta ikastarotan be partaide izan da. Gaur egun Nekane Landaribar liturgiako ordezkaria da Ondarroako parrokian.