Amorebieta da federazioaren lehen mailako talderik onena 30 puntu lortuta azken 15 jardunaldietan

Urdinak sailkapeneko bosgarren postuan dagoz, liga hasieran jaisteko tokietan egon eta gero

Haritz Mujika: “Bolada onari eutsi gura deutsagu”

Haritz Mujikak igaz hartu eban Amorebieta taldearen ardurea / Bizkaia Irratia

Amorebieta futbol taldea federazinoaren lehen mailako bosgarren postuan dago sailkatuta, hogeta lau jardunaldi jokatu ostean. Aurreko denporaldian Bigarren A mailatik jaitsi ondoren, aldaketa sakona egon zan plantilan eta 20 jokalari barri heldu ziran Zornotzako taldera. Ligearen hasierea ez zan erreza izan Haritz Mujikaren taldearentzat. Hamargarren jardunaldira arte emaitzak ez ziran onak izan eta jaisteko postuetatik urten ezinik ibili zan. Castalian galdu ostean, ostera, Amorebietak gorakada nabarmena euki dau, mailaz igoteko postuetara heldu arte. Hori gitxi balitz, taldeko Eneko Jauregi da lehen mailan gol gehien sartu dauzan jokalaria.

Haritz Mujikaren taldeak partidu bakarra galdu dau azken hamabost jardunaldietan, Realaren aurkakoa hain zuzen be. Ganera, azken partidu horreetako emaitzak bakarrik kontutan hartuta, Amorebieta sailkapeneko lehen postuan egongo litzateke hogeta hamar punto lortuta. Urdinek bolada onari eutsi gura deutsela esan deusku Haritz Mujika entrenatzaileak Bizkaia Irratiko Jokoan kirol tartean egindako elkarrizketan. Gustora dabil lanean eta konfiantza handia dauka bere taldean.

Jokalari gazteak eta beteranoak dagoz Amorebietaren plantilan. Ewan Urain, Athleticek itxitako jokalaria, eta Julen Jon Guerrero, Real Madridek itxitakoa dira gazteenetakoak. Entrenatzailea pozik dago jokalari gazte bi horreen lanagaz. Hurrengo jardunaldian Atletico Balearesen zelaian jokatuko daben partidua irabaztea da urdinen helburua, urrunago begiratu barik.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular