Huelga orokorrean bete-betean sartuta gagoz gaurko egunean. Dakizuenez, eskari bat baino gehiago badago be, etxebizitzea eta etxebizitzearen inguruko aldarrikapenak dira nagusi. Hori dala eta, Bilboko AZET Etxebizitza Sindikatura jo dogu, gaurkoaz berba egiteko. Ane Salvador AZETeko kideak esan deusku ondo doazela grebaren lehenengo orduak: “Greba eguna abiatu da eta jentea kalean dago. Ekintza ezbardinak egingo dira goizean zehar. Esaterako, 12:30ean manifestazino bateratuak abiatuko dira Hego Euskal Herriko lau uriburuetatik”.
Hain zuzen be, Bilboko etxebizitza arloko argazki orokorra egin dau Salvadorrek: “Aurrekaririk gabeko egoera batean gagoz. Ganera, joerea are latzagoa da. Inoiz baino pobreagoak gara eta arrazoietako bat etxebizitzaren prezio itogarriak dira. Soldataren erdia baino gehiago gastetan dogu etxebizitza ordaintzen”. Bitartean, Kongresuko Diputazino Iraunkorrean bozkatuko dira etxebizitza dekretu biak bihar. Momentuz behintzat emoten dau bata baino ez dagoala bermatuta; alokairu kontratuak betirako izatearena ez dago bermatuta: “Uste dogu langile klaseetatik oso urrun dagozan neurriak dirala. Izan be, neurri asko oindino kapitalaren zerbitzura dagoz“.
Egoerea ikusita, AZET Etxebizitza Sindikatutik norabide aldaketa eskatu deutsee erakundeei etxebizitzaren alorrean: “Orain arte hartutako erreformen norabidea aldatzea eskatzen deutsegu erakundeei. Hartzen diran neurri askoren bitartez, diru publikoa jabeei transferitzen jake, maizterrei emondako diru laguntzen bidez. Aitatutako logikari bueltea emon behar jako. Horretarako, Eusko Jaurlaritzak eskumen zabalak ditu”. Amaitzeko, EH Bilduk EAE osoa tenkatutako gune izendatzeko eskaria egin eban aurrekoan, baina ez eban aurrera urten: “Aurrerapauso txiki guztiak positiboak dira, baina ez da nahikoa. Haratago joan behar gara“.
