Zoritxarrez beti dagoz umeak harrera familien preminan

Gaur egun 30 inguru dagoz familiaren baten zain

Harrera familiak behar dira umeak hartzeko

Bizkaiko Foru Aldundiak harrera familien beharraz ohartarazo gaitu beste behin. Ume asko dagoz, arrazoi ezbardinak tarteko, euren guraso biologikoekin egon ezin dabenak. Bizkaiko Foru Aldundiak egoitza daukaz ume horreentzat, baina egokiena umeok familietan egotea da, euren ongizaterako. Matxalen Cayero psikologoagaz eta Nerea Larrinaga harrera gurasoagaz egon gara berbaz. Matxalenek argi dauka: “umeek familia bat behar dabe, ez egoitza bat, ez instituzino bat. Etxe bat, jende maitekorra, errutinak, segurtasuna… Horrek danak ezinbestekoak dira euren hazkunde osasuntsurako.”

Gaur egun, 30 ume inguru dagoz egoitzatan, tartean, 0 eta 2 urte artekoak. Legeak berak dino, ume txikienak familia ingurunean egon behar dabela, baina horretarako, familiak behar dira.

Nerea eta Iker, harrerako familia

Nerea eta Iker 2018tik dira harrera gurasoak. “Ez dakit zelan heldu jakun mezua, baina halako baten entzun gendun eta informatzera joan ginan. Gero, pausuak emon, eta gaur egun geugaz dago laster bederatzi urte beteko dituan neskato bat”, dino Nereak. Harrera esperientziaz galdetuta, zera esan deusku, umea dala garrantzitsuena eta laguntzeko ondoan egon behar dala, gorabeherak egoten diralako, umeak baditu bere mina, bere bildurrak, bere zalantzak… eta hor egon behar da, prest, entzuteko, laguntzeko eta batez be, maitatzeko. Esperientzia zoragarria dala dino Nereak.

Harrera motak

Harrerea ez da beti betiko izaten, Matxalen Cayerok azaldu dauenez, eta mota ezbardinetakoak dagoz.

  • Urgentziako harrerak, oso denpora laburrekoak, ume txiki-txikientzako (0-3 urte).

  • Denporaldiko harrerak, 6 hilabete eta 2 urte arteko iraupenagaz.

  • Epe luzeko harrerak, non aurreikusten dan umea urte askotan egongo dala familia horregaz.

  • Eta harrera espezializatua, behar bereziak daukiezan umeentzat, profesionaltasun handiagoa eskatzen dauena.

Familia bakoitza desbardina da, eta horregaitik ume bakotxari familia aproposena bilatzen jako. “Ez da familia klasiko bakarra baliogarria. Etxe batean ume bat maitasunez eta arduraz zaintzeko prest dagoen edozein familiak balio dau”, dino Matxalenek.

Prestaketa eta laguntza prozesua

Harrera familia izateko prozesua ez da egun baten egiten. Lehenengo informazino saio bat izaten da, gero formakuntzea, eta ondoren, balorazino psikologiko eta soziala. Behin familia egokitzat joten danean, ume jakin bategaz loturea bilatzen da. Eta prozesua hasi ostean, ez da familia bakarrik geratzen: “betiko laguntza emoten deutsue: psikologo, gizarte langile, koordinatzaile… edozein zalantza edo egoera kudeatzeko ez zagoz bakarrik”, azaldu dau Nereak.

Umea erdigunean

Garrantzitsuena umea bera da. “Umeari ondo begiratu behar jako, entzun, bere erritmoak errespetau, eta batez be, bere historia ulertzen lagundu”, dino Matxalenek. Umeek jakin behar dabe nondik datozen, nortzuk diran euren guraso biologikoak, eta nortzuk harrera gurasoak. “Bi familia izatea posible da. Eta hori ondo kudeatu ezkero, umeentzat aberasgarri izaten da, ez gatazkatsua”, nabarmendu dau.

Matxalenek eta Nereak argi dabe umeentzako lekurik egokiena familia dala, eta dei egin dabe harrerako familia izateko, umeen mesedetan, oso aberasgarria dalako danentat, umearentzat eta hartzailearentzat.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00