Aitor Urkiza eta Iker Alvarez osotuten dabe Harribitxi

Harribitxi taldea bigarren geratu da Ermuko Folkez Blai lehiaketan

Harribitxi, txistuaren erabilera barriak dakarren musika proiektua

Irailaren 12tik 14ra bitartean ospatu zan Ermuko Folkez Blai musika lehiaketearen azken fasea. Izen handiko jaialdia bihurtu dala esan behar dogu. Hamarkada bi bete dauz. Sei talde lehiatu ziran azken fasean: Ache Pa Ti, Gorrondatxe eta Harribitxi talde euskaldunak, Madrileko Xara, eta Asturiasetik Entós eta Matazúa. Epaimahaiak Xara taldea aukeratu eban irabazle, eta Harribitxi bigarren. Azken talde honetako kidea dan Iker Alvarezegaz egin dogu berba Lau Haizetara saioan.

Alvarezek azaldu dauanez, eurentzako benetako sorpresa izan zan. Harribitxi Aitor Urkiza eta Iker Alvarezek osotutako bikote artistikoa da, eta txistua erdigunean jarriz, musika tradizionala berrasmatzea dau helburu nagusi. Musikari biak Nafarroako Goi Mailako Kontserbatorioan ezagutu ziran, eta pandemian sortu eben Harribitxi proiektua. Ordutik plazaz plaza eta jaialdiz jaialdi dabilz euren proposamen artistiko berezia zabaltzen. 2022.an Deiadar diskoa argitaratu eben, eta aurten Alkimia izeneko EP-a kaleratu dabe. Azken honetan, ahotsa be sartu dabe. Maria Ereña abeslaria ari da eurekaz batera, zuzenekoetan be bai.

Ermuko Folkez Blai lehiaketan parte hartzea aukera parebakoa izan dala azpimarratu deusku Alvarezek, “beste taldeak ezagutzeko eta gure lana publiko zabalago bati aurkezteko”. Hurrengo hileetan Durangon (urriaren 4an, Bizkaiko Erromeria Eguna), Auritzen eta beste herri batzuetan arituko dira.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00