Garagarrilaren 15ean egingo da VI. Festibala Europako Herrien parkean

Silvia Perez Cruz, Gari & Maldanbera eta Esanezin izango dira aurten

Haziberri, kalidadeko eskaintzea Gernika-Lumon

Haziberri jaialdiaren aurkezpena / Haziberri

Gernika-Lumon garagarrilean egingo dan Haziberri jaialdiareko sarreren erdia saldu da dagoeneko. Garagarrilaren 15ean egingo da seigarren Haziberri festibala Gernika-Lumoko Europako Herrien Parkean. 2021. urtean, pandemia sasoian, egin eben lehenengoz eta urtez urte, garagarrilean parkeak eskaintzen dauan eszenatoki berezian egiten da jaialdia. Silvia Perez Cruz kantautore kataluniarra, Gari & Maldanbera eta Esanezin arituko dira aurten. Hiru belaunaldi eta hiru estilo desbardin. Dana dala, Oier Plaza antolatzaileak esan deusku, euren artean ari bat dagoala. Haziberri jaialdia, bere eszenatokiaz gain, eskaintzen dauan kartelagatik be bereizten da. Igaz, Rozalen aritu zan bertan eta orain urte bi, Gorka Urbizu. Euskal Herriko eta kanpoko musikarien arteko eskaintzea, konbinazino ona dala esan deusku Oier Plazak. Silvia Perez Cruz, aspalditik ekarri gura izan dabe Haziberrira. Egungo musikagintzako ahots artistiko berezienetarikoa da. Bere ibilbidean hainbat aitortza jaso dauz, Goya sari bi besteak beste. Gari & Maldanbera festibalean aritzea ohorea dala azaldu dabe antolatzaileek. Esanezin taldea, jaialdiko ahots gaztea izango da aurten. Ianire Aranzabek gidatzen dauan taldeak hiru lan argitaratu dauz 2021. urtetik.

Dabid Zelaia-Zugadi gogoan

Haziberri jaialdiak Erronka Garbia ziurtagiria dauka. Festibala modu jasangarrienean egitea suposatzen dau ziurtagiri honek. Antolatzaileek, jaialdia, lankidetza sare sendo baten emaitza dala azpimarratzen dabe. Bide horretan, lagun izan daben Dabid Zelaia-Zugadi izango dabe aurten gogoan, hainbat ekimeneko arima, euren esanetan. Baserritik Gernikara alkarteko kide modura, buru-belarri ibili zan Dabid festibalari laguntzen. Sarrerak maiatzaren 20an jarri ziran salgai 38 euroan. Haziberri.eus atarian lortu daitekez. Orain arteko jaialdietan aforoa bete da urtero. Edizino honetarako sarreren erdia saldu da dagoeneko. Gogoratu daigun, sarrerea daukanak, Euskal Herria museoa dohainik bisitetako aukerea izango dauala 2026. urtea amaitu arte.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00