Herriz Herri irratsaioaren lehen saio honetan, Leioara etorri gara. Aurten, Beñat Igarzak eta Oihane Irazuk ekingo deutse denporaldi barriari.
Bigarren urtez, Leioak kultur aniztasuna ospatuko dau gaur, Munduko Arrozak ekimenaren bitartez. Egitasmo honetan, gastronomiaren bidez, alkarbizitza eta aniztasuna aldarrikatuko dabezan hainbat jarduera ospatuko dira. Irratsaioa Boulevardeko Stotik egin dogu, Leioa erdialdean, eta hain zuzen Boulevardeko Stoan garatuko dabez gaur hainbat ekintza: jarduera ludikoak, tailer-gastronomikoak eta -artistikoak, arroz-dastatzea eta egunari amaierea emoteko, sari-banaketea. Munduko Arrozen egun hau antolatzearen ardurea Sortarazi alkarteak dauka, eta Arantza Bilbaogaz berba egin dogu. Euren lana ezagutu dogu eta egun honek daukan garrantziaz berba egin deusku alkarteko kideak.
Bestalde, Bizkaiko udalerri hau sortu zala 498 urte betetzen dira hileon, eta urteurren hori dala-eta, Leioako Udalak Artatzako noragabeko arima antzerki komiko eta suspensezko ikuskizuna antolatuko dau Artatza jauregian. Braulio Cortesen zuzendaritzapean, hainbat konpainiatako aktoreek esperientzia murgiltzaile baten bidez gidatuko dabez bertaratutakoak, krimen misteriotsu baten ebazpenean protagonistak izan daitezen. Honen inguruan berba egiteko aukerea izan dogu Iban Rodriguez Leioako alkateagaz.
Beste alde batetik, gaur, Leioan, emakume afganiar errefuxiatuen kolektiboak aldarrikapen ekitaldi bat egingo dau abuztuan Afganistanen indarrean sartu zan “Isiltasunaren Legea” dalakoaren aurka manifestatzeko. Horretarako, Edurne Etxebarria Amnistia Internazionaleko kidea izango dogu honetaz berbetan.
Herriz Herri saioaren bigarren orduan, Leioako Arboretum espazioa ezagutu dogu, astegoien honetan VIII. Landareen azokea izango dalako protagonistea. Ugaitz Astondoa Basalaneko kideagaz berba egin dogu. Irratsaioa amaitzeko, igerilekuetara joko dogu, Leioa Waterpolo taldea ezagutu dogu Jon Lopez entrenatzailearen eskutik.