Ibai Rodriguez Espainiako txapelduna izan da Salbamendu eta Sorospeneko esprint probako junior modalidadean. Nojan eta Santanderren kopak irabazi ostean, durangarra izan da onena Castellonen urrezko domina lortuz. Hori dala eta, Ibai Rodriguez euki dogu Bizkai Irratiko mikrofonoetan txapeldun bilakatu ondoren.
Rodriguez orain zortzi urte hasi zan igeriketan Durangoko Tabira klubean. Modalitate barri honetan lau urte pasata hasi zan eta emoitza oso onak lortu dauz. Mutil gaztea oso futbolaria izan da beti, eta une batzuetan kirol biak buztartu ebazan. Rodriguezek onartu dau asmau egin ebala aukeraketan: “Txikitatik jokatu neban lagunekin futbolean, baina gero igeriketearen alde egiten neban”.
Modalitate barri hau orain lau urte jaio zan klubean, eta ordutik hona Rodriguez izan da onenetakoa. Onartzen dau modalitateak bere zailtasuna daukala, baina “entrenamentuagaz emoitza horreek lortu daitezke”. Rodriguezek kirol honen aldeko apustu sendoa egin eban, futbola itxi eta bera bakarrik hasi zan igeriketan, inolango lagunik barik. Orain, kluba bere familia lakoa da eta lagun asko daukoz. Espainiako txapelketea irabazi ondoren, guztietaz oroitu zan, bere familia tartean, “eurak diralako ahalegin guztien atzean dagozanak”.
Durangoko gazteak epe luzerako helburuak daukoz. Momentuz hurrengo lehiaketetan jartzen dau arretea, baina selekzinoaren zerrendan egon eta munduko txapelketa baten parte hartzeko aukerea be izan gura dau. Bere berbetan, esfortzuz dana iristen da eta gauza guztietan egoteko burrukatuko dau.