Amoranteren atzean Iban Urizar musikaria dago. Iraupen laburreko disko bi eta luze bat kaleratu ostean, elgoibartarrak lan barria dakar: Harri herri har (Forbidden Colours). Narratiba desbardina daukien zortzi abesti bildu dauz, abesti herrikoiak zentzu zabalean. Amoranterek azpimarratu deuskunez, “garbi daukat herri musikea egiten dodala”. Disko barrian herri musikea jazzagaz eta inprobisazinoagaz buztartu dauz.
Harri herri har diskoari izenburua emoten deutsen kontzeptuak, lanaren hiru zutabe nagusiak dira. Urizarrek azaldu deuskunez, hitz jolasak gustetan jakoz. “Harria gure herriaren iruditerian oso zizelkatuta dagoan elementua da, eraikitzeko erabilten dogu, birrintzeko… mobiduezina dan zerbait izan daiteke… metaforikoki oso elementu potentea iruditzen jat”. Herria kontzeptuari jagokonez, aitatu dau bera herri batekoa dala eta berak herri musikea egiten dauala. Eta hirugarren eta azken zutabea, har. Ingeleseko ‘earworm’ (belarriko harra) kontzeptuagaz lotu dau musikariak, burutik kendu ezin dozun melodia itsaskorrei erreferentzia egiteko.
Amorantek Aitor Etxebarria musikari eta ekoizle gernikarragaz batera grabau dau Harri herri har diskoa Bilboko Mala Estrata estudioan. Artista ugariren kolaborazinoa izan dau: Odei Barroso raperoak, Idoia Hernandez Hatxe pianojoleak, Xabier Zeberiok, Los Sara Fontan bikoteak, Amaia Miranda gitarristak, Hasier Oleaga eta Felix Buff bateria joleek be parte hartu dabe, besteak beste, diskoaren sortze prozesuan.
Zuzenekoak
Lehenengo zuzenekoak Bilboko Kafe Antzokiko Kutxa Beltzan, Hendaiako Borderline Fabrikan eta Lleidako Farrera herrian eskaini dauz. Urriaren 25ean, 19:30ean, Donostiako Victoria Eugenia Cluben joko dau. Sarrerak dagoeneko agortu dira.