Arrasateko zinemagilearen hamargarren lana da

IbizaCineFest jaialdian estreinau zan zapatuan

Ibizan izan da Iban del Camporen “Sorbeltza” film laburraren estreinaldia

"Sorbeltza" film laburra / Bizkaia Irratia

Iban del Camporen “Sorbeltza” film laburra estreinau da astegoienean Ibizan. IbizaCineFest jaialdian izan zan estreinaldia zapatuan. Arrasateko zinemagileak oso ondo joan zala esan deusku. Ikus-entzuleek gustora ikusi ebela aipatu dau eta eritxi onak jaso ebezala.

Gidoia

Iban del Camporen hamargarren lana da “Sorbeltza” film laburra. Insomnioa da gai nagusia. Covid-19ak gizartean itzi dauan ondorioetariko bat da insomnioaren gorakadea. Del Campok, Yasunari Kawabata japoniar nobel saridunaren “Loti ederren etxea” kontakizuna izan dau inspirazino iturri. Silvia Rey eta Harkaitz Canogaz batera idatzi dau gidoia Del Campok. Krisian dagoen bikote bat da euren historian protagonista. Honeek loti eder bat gonbidatzen dabe euren belaontzira. Aktore lanetan, Erika Olaizola, Joseba Apaolaza, Miren Gaztañaga eta Heren de Lucas ari dira. Filme laburraren izenburuak sorbeltza txoriari egiten deutso erreferentzia. Bere ezaugarriak gogoratu deuskuz zuzendariak. Sorbeltza Euskadin udan agertzen dan hegazti berezia da. Bizitza osoa airean egiten dabe eta airean lo egin leikie.

Lucrecia belaontzia

Filme honen berezitasunetariko bat da Pasaiako badian, Kantauri itsasoan kokatzen dala, Lucrecia izeneko belaontzian. Gipuzkoar itsasgizon biren ontzia da, 1927an eraikitakoa. Gure kostaldean jardunean dagoan belaontzi zaharrenetariko bat da. Esan daigun bestalde, Aitor Etxebarria musikari gernikarrak sortu dauala “Sorbeltza” filmearentzako musikea. Ibizan estreinatu ostean, Iban del Camporen film labur barria, Bartzelonan edo Arrasaten eskeiniko da aurrerantzean. Jaialdi gehiagotan parte hartzeko asmoa dauka Del Campok berak sortutako Limbus Filmak ekoiztetxeak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00