Gernika-Palestina Herri Ekimenak ekitaldi nazionala egingo dau zapatuan Gernikako Euskal Herria Museoan. Ibon Meñika Gernika-Palestina Herri Ekimeneko bozeroaleak antolatutakoaren inguruko xehetasunak emon deuskuz: “Barikuan Nakba Eguna da, data esanguratsua palestinarrentzat. Izan be, Israelek egindako garbiketa etnikoa ekarten dabe gogora, Israelgo Estaduaren sorreraren egun berean. Hori dala eta, ekitaldia egingo dogu zapatuan Gernikan“. Hedabideotan palestinarren inguruan lehen baino informazino gitxiago emoten dogu. Bitartean, Gazan egoera kronifikatu dala dino Meñikak: “Israelek 850 pertsona erail ditu su-etenaren testuinguruan. Oso larria da”.
Bestalde, Sumud ontzidiak hasi eban bidaia, baina ezin izan eban ailegau, Israelek nazinoarteko uretan atzemon ebalako. Momentuz, ez dabe eurekaz berba egiteko aukerarik euki: “Ez dogu oindino eurekaz berbarik egin. Dana dala, zapatuko ekitaldia pasa dan urteko zemendian Donostiako Miramar Jauregian zabaldutako prozesuaren itxiera izango da. Donostiako ekitaldian Saif Abu Kesh egon zan geugaz, Global Sumud Flotillako koordinatzaileetako bat. Abu Kesh atxilotua izan da, tratu txarrak salatu ditu eta orain dala gitxi askatu dabe“. Kontuak kontu, Gernika-Palestina Herri Ekimenak Palestinaren alde egiten jarraituko dau eta aurrera begira bere asmoak argi ditu.
