Pantzo Hirigarai eta Iñaki Cid

Cafe Bar Bilbao-Tartean Teatro sariketearen irabazleak idazle eta aktoreak dira

Idazteaz gain interpretatu be bai

Sariketaren irabazleak eta antolatzaileak / Bizkaia Irratia

Idatzi eta interpretatu, Café Bar Bilbao-Tartean Teatro sariketaren irabazleak idazle eta aktoreak dira. Pantzo Hirigarai eta Iñaki Cid dira aurtengo irabazleak gidoi laburren Café Bar Bilbao-Tartean Teatro sariketan. 21. edizinoa izan da aurtengoa eta antolatzaileek aitortu dabe oso gatxa izan dala aukeratzea, gidoien kalidade handiagatik. Gaztelaniaz, Braulio Cortesek irabazi dau saria Diario de Desdichas lanagatik.

Dolu

Pantzo Hirigarai baigorriarrak pozik jaso dau saria. Kazetari erretiratua aktorea be bada, Xirrixti Mirrixti taldean. Hirigaraik, 3 aldiz irabazi dau Donostia Hiria saria. Euskaltzaindiaren Toribio Altzaga saria irabazitakoa be bada. Idazterakoan, Hirigaraik dino, umorea eta jakinmina nabarmentzen direla bere testuetan. Sariketa honetara, Dolu aurkeztu dau, Bizpahiru izeneko antzerki trilogiaren zati bat hain zuzen. Heriotza da gai nagusia. Hiru lagun batzen dira lagun baten ehorzketaren ostean. Berbetan ari dira eta bapatean hildako laguna agertzen da baina ez dabe ikusten ez entzuten. Hirigarai hiru lagunetariko bat izango da antzezlana interpretatzeko orduan. Aktore modura, gaur egun, bakarrizketak eskaintzen dabil.

Arropa zuria

Iñaki Cid donostiarrak be, testuak idazteaz gain aktore lana egiten dau eta kasu batzutan zuzendari lana be. 2022. urtean Donostia Kutxa saria jaso eban Behin batian Loiolan antzezlanagaz. Pabellon 6-ko antzerki laburren jaialdian berak idatzitako Gaizki eta Duzhe Dobre saritu ebezan. Iñakik dino, berak idatzitakoa interpretatzea errezagoa dala. Café Bar Bilbao-Tartean Teatro sariketara Arropa Zuria izeneko gidoia aurkeztu eban Cidek. Ama izan dau gogoan oraingoan. Gurasoak eduki arren benetan hurrean ez dagozala sentitzen daben pertsonakaz konektatzen dauan pieza da.

Hirigarai eta Ciden gidoi bien irakurketa dramatizatua, zezeilaren 29an egingo da Bilbon LautanHiru jaialdiaren barruan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular