Hauteskunde kanpainako azken eguna da gaurkoa. Beraz, hautagaiek gaurko eguna besterik ez dauke botoa eskatu ahal izateko, domekako hauteskunde orokorren aurretik. Hori dala eta, Idoia Sagastizabal, Kongresurako Euzko Alderdi Jeltzaleko Bizkaiko hautagaia, euki dogu geure estudioetan. Esan deuskunez, gustura dago egindako kanpainagaz: “Gaur amaituko dogu kanpainea Bilbon, arratsaldeko 20:00etan. Giroa oso ona izan da. Geure ahotsa entzun da eta sentsazinoak oso onak dira. Pozik gagoz”. Debateek berebiziko garrantzia bereganatzen dabe kanpainan. Sagastizabalek berak parte hartu dau bateren baten. Bitartean, atzo lauko debatea egin eben Sanchez, Feijoo, Abascal eta Colau hautagaiek. Horren harira, jeltzaleek dinoe ez dirala ezelango bloke baten parte eta Euskadi erdigunean jarri gura dabela. Sagastizabalek Euskadi faltan bota eban atzoko eztabaidean.
2023ko hauteskunde orokorretan, 275.782 boto eta bost aulki lortu ebazan EAJk. Dana dala, oraingo inkestei erreparatuta, talde propioa galtzeko arriskua dauke. Halanda be, Sagastizabal ez dago kezkatuta: “Talde propioa eukiko dogu, seguru nago. Zalantzatiak konbenziduko doguz”.
Etxebizitzearen gaiak garrantzi nabarmena hartu dau aurtengo kanpainan, herritarren lehen kezka dalako Soziometroaren arabera. Arlo honetan euren proposamena zein dan azaldu deusku hautagai jeltzaleak: “Zortzi urte egon da PSOE gobernuan etxebizitzaren aldeko politika estrukturala egin barik. Dekretu bi aurkeztu ditu azken momentuan, jakinda euretariko batek ez ebala aurrera egingo gainera. Erregulazinoa behar da, bai, baina etxeak be eregi behar dira“. Bestalde, inflazinoa eta bizimodua garesti egotea be badira herritarren arazo eta ardura handienetarikoak. Horren harira, Euskadin lanbidearteko gitxieneko soldata propioa ezartearen alde agertu da.
Inkestetara itzulita, emoten dau Alderdi Popularrak hauteskundeak irabaziko dituala eta VOXegaz gobernua eratzeko aukerea eukiko dauala: “Atzerapausoak egongo dira. PPk zentralizazinoaren aldeko programa dauka, berreraikitze nazionala dalakoa. Horrek estaduaren presentzia handituko dala esan gura dau. Zer egingo dabe autogobernuagaz?“. Beraz, PP-VOX balizko gobernuari aurre egiteko prest dago EAJ. Amaitzeko, Euzko Alderdi Jeltzalearen aldeko botoa eskatu dau Sagastizabalek: “Domekan ez dogu Sanchez eta Feijooren artean erabagitzen, geure ordezkariak nortzuk izango diran eta Euskadi ondoen nork defendatuko dauan baizik. Ganera, ultraeskuinaren kontra joango gara, geure eskubideak bermatzeko. Pena merezi dau boza EAJri emotea“.
