Senaduan PPk daukan gehiengoaren erabilerea txarretsi dau Idurre Bidegurenek, EH Bilduko senatariak, gaur Goizeko Izarretan irratsaioan. “Nik imaginetan neban PP erakunde desbardinetan izandako alderdia izanda gitxieneko orden bat egongo zala, baina Senaduaren funtzionamendua nahiko kaotikoa izaten dabil” salatu dau politikari bermeotarrak.
Arrantza kuotak
Arrantza kuoten balorazino eskasa egiten eban Eusko Jaurlaritzako Arrantza zuzendariak gurean orain dala gitxi. Alturan dabilzanendako legatzaren kuotea %20 jaitsi da eta beste arrain espezie batzutan be murrizketak iragarri dauz Bruselak. Arrantza kuotetan ezarritako murrizketen aurrean konpentsazinoen bidea landu beharko dala esan dau Idurre Bidegurenek. “Europako arrantza akordua kolpe handia izan da euskal arrantzaleentzat” esan dau EH Bilduko senatariak.
Energia enpresak eta babes soziala
Energia enpresen ganeko zergari buruz EAJk edo Podemosek daben eretxi desbardinei buruz galdetuta, EH Bilduk zerga hori abenduaren 31etik aurrera mantendu behar dirala uste dau. “Energia epresen irabaziek bere horretan jarraitu arren alderdi batzuk euren jarrerea ez dabe aldatu” esan dau Bidegurenek. Bestalde, data horretan garraio publikoaren bonifikazinoa eta beste babes sozial batzuk iraungiko dirala jakinda kezkea azaldu dau Idurre Bidegurenek.
Urdaibai Guggenheim
Guggenheim Urdaibai proiektuaz berba egin barri da Busturialdeko Ekoetxean pasa dan astean egin ziran batzarretan. Eskualdeko dozenaka ordezkari batzartu ziran eskualdearen bideragarritasun ekonomiko soziala eta etorkizuna aztertzeko. “Euskal administrazinoek Guggenheim Urdaibai proiektua Europako Next Generation funtsetara aurkeztu dabe eta Europak ez dau onartu. Busturialderako beste era bateko aukerarik ez da sartu Europako funtsetarako eskabidean eta hori pena bat da. Eskualdea entzun behar da eta Busturialdean ez da inoiz proiektu horretarako proposamenik egin” adierazo dau EH Bilduko senatariak.