ELAk, LABek eta Kontseiluak alkarretaratzea egin dabe gaur Bilbon

"Hizkuntza eskakizunen kontrako epaietan helegitea jartea garrantzitsua da" esan dau Kontseiluko buruak

Idurre Eskisabel: “Epaileekin alkarrizketa bat hasi behar da, eurei gizartean dagoan adostasuna azaltzeko”

Idurre Eskisabel / Bizkaia Irratia

Euskeraren normalizazinoaren kontra epaileek hartutako azken erabagiak salatzeko eguerdian Bilbon, Euskalgintzaren Kontseiluak eta ELA eta LAB sindikatuek alkarretaratzea egin dabe Foru Jauregiaren aurrean. BFAk lan eskaintza publiko baten bitartez eskeinitako 227 lanpostu kolokan dagoz Bizkaian euskera eskakizunagaitik. Aldundiko langileak egonkortzeko prozesu bi eten dauz EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren menpeko epaitegiak. Aldunditik esan dabe helegitea aurkeztuko dabela eta erakundeek helegiteak jartea garrantzitsua dala esan deusku Euskalgintzaren Kontseilutik Idurre Eskisabel koordinatzaileak.

EAEko sektore publikoa euskalduntzeko dekretua, ez da euskeraren normalizazinoak behar dauen dekretua, Kontseiluaren eretxian. Azken dekretua onartu zala 27 urte igaro dira eta onartu barri dan honek ordukoa ordezkatuko dau. Sektore publikoan euskeraren erabilerea arautuko dau. Hala ere, Kontseiluaren ustez, dekretu barri honek ez deutse erantzuten euskeraren normalizazinoak gaur egun daukozan erronka, hutsune eta betebeharrei. Dekretu barriaren eragina administrazino osora zabaltzea positibotzat jo dau Kontseiluak.
Hori bai, dekretu barriaren gabezia nagusietako bat, epealdiari jagokona dala esan dau Eskisabelek. “Ez da ezarten administrazinoa euskalduntzeko eperik, dekretu hau baino urrats sendoago bat behar da” adierazo dau Kontseiluko ordezkariak.

“Katalunian eta Galizian funtzino publikoan aritzeko hizkuntza ofizial biak jakitea ezinbestekoa da eta hori araututa dago. Legelari batzuk bide hori jarraitzea proposatzen dabe. Bestalde epaileekin alkarrizketa bat hasi beharko litzateke gizartean dagoan adostasun handia eurei azaltzeko” gaineratu dau Euskalgintzaren Kontseiluko bozeroaleak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular