Bilboko Udalak, Labayru Fundazioak eta Euskaltzaindiak atondu dabe erakusketea

'Bilbo euskararen hiriburua' erakusketearen bitartez euskerak Bilbon izan dauan lekua eta garrantzia jaso gura da

Igone Etxebarria: “Euskerearen presentzia handia eta etenbakoa da Bilbon”

Bilbo euskararen hiriburua erakusketearen helburua Bilbon euskereak daukan presentziaren garrantzia nabarmentzea da. XIX. mende amaieratik Bizkaiko uriburuan izandako bilakerea aurkezten eta irudikatzen dau. Erakusketea Euskerearen Nazinoarteko Eguna ospatzeko Bilboko Udalak abenduaren 3an atondutako ekitaldien barruan kokatzen da.

Igone Etxebarria Labayru Fundazioko zuzendariak azaldu deuskunez, erakusketea mota guztietako ikus-entzuleei zuzenduta dago. “Bilbon zentrauta dago eta Bilbo da motorra eta eredua, baina aldi beretsuan inguruko herrietan gauza berak sortu ziran”. Erakusketak 14 paneletan jasotzen dauz euskereak Bilbon izan dauazan mugarri historikoak. Mugarri horreez gain, bilakaera horretan eragina izan daben pertsonak zein eragileak be azpimarratzen dira. Paneletako mezuak irudiakaz osotzen dira irakurketa arina eta erakargarria izan daiten, eta informazino guztia lau hizkuntzatan (euskeraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez) eskaintzen da, QR kodeen bitartez. Kode horreek, ganera, bideoak eta soinua txertatzea ahalbidetzen dabe.

Bilbo euskararen hiriburua erakusketa ibiltaria da. Urriaren 30ean zabaldu eben, eta orain arte Begoñako eta San Inazioko Udaltegietan egon da ikusgai. 2025eko zezeila bitartean uriko barruti guztietara zabalduko da.

Erakusketearen programazinoa

  • Errekaldeko Udaltegian, zemendiaren 18tik 22ra.
  • La Bolsa Udaltegian, zemendiaren 26tik abenduaren 5era.
  • Castañoseko Udaltegian, abenduaren 15etik 30era.
  • Abandoko Udaltegian, urtarrilaren 3tik 16ra.
  • Otxarkoagako Udaltegian, urtarrilaren 20tik 30era.
  • Basurtuko Udaltegian, urtarrilaren 30etik zezeilaren 14ra.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00