Anonyme Popular egitasmoak udagoieneko birea hasi dau

Daborduko 1.500etik gora dira ikus-entzunezko bertso egitasmo hau goza dabenak

Igor Elortza: “Gaur egun ez da erraza jentearen arreta lortzea eta harrera be ona izatea”

Maiatzaren 25ean eskeini eben, Durangon, uda aurreko azkenengo emonaldia. Udan etenaldi bat egin ostean, Anonyme Popular bueltan dator. Igor Elortza bertsolariak eta Rafa Rueda musikariak ondutako bertso-kanten ikuskizuna da. Hiru disziplina buztartzen dauz: bertso saioa, musika kontzertua eta ikus-entzunezko eszenaratzea. 2023.urteko urtarrilean estreinau eben Azpeitian, eta lehenengo bira horretan hamahiru zuzeneko eskeini ebezan danetara. Zarautz, Elorrio, Iruñea, Villabona, Bilbo, Oñati, Hernani, Amurrio, Markina-Xemein, Igorre edo Lesakan egon ziran. 1.500etik gora dira, daborduko, ikus-entzunezko bertso egitasmo hau gozau dabenak.

Orain udagoieneko biran dabilz. Abendura bitartean, besteak beste, Ondarroa, Sopela, Lezo, Andoain, Donostia edo Ataunen izango dira. Gogotsu dagozala aitortu deusku Igor Elortzak. Bertsolari durangarrak azaldu deuskunez, Anonyme Popular berangandik sortutako proiektua da. “Nitik sortutako bertsoak dira, lehenengo pertsonan idatzitakoak, baina ez nitaz, nahiz eta niri buruzko kontu dezente egon” gaineratu dau Elortzak. Hainbat gairi buruz jarduteko modurik zintzoena iruditu jakon.

Udan zehar lanean jardun dabe eta pieza barri bi aurkeztuko dabez biran. Itzartu nahian sorkuntza lan barria, eta Gu Ta Gutarrak taldea zanaren Bi bide izenekoaren bertsinoa. Abesti biak Anonyme Popular-en Youtube kanalean ez eze, Badok euskal musika atarian eta Spotify plataforman zabaldu dabez.

Zuzenekoetara itzulita, udagoieneko biraren barruan, asteon, urriaren 29an, 19:00etan, Ondarroako Beikozinin eskainiko dabe Anonyme Popular emonaldia.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular