Urtebete inguru pasau da Euskal Herriko Kontseilu Sozialistea sortu zanetik hona. GKS edo Itaia-lako kolektiboak mogimendu politiko baten batzea zan EHKS sortzearen helburuetariko bat, baita sozialismo irautzailea edo komunismoa lehen lerrora eroatea be. Gaur EHKSko Iker Apraiz izan dogu Goizeko Izarretan irratsaioan. Bizkaian gero eta leku gehiagotan dagozala esan deusku, barriki Zornotzan eta Bermeon taldeak sortu dabezala azpimarratuta. “Asko larritzen gaituen faxismo baten gorakadea bizi dogu. Eraso arrazistak edo LGBTI kolektiboaren eraso iraunkorrak bizi doguz. Kaleko eragile faxista guztiek ikusi behar dabe Euskal Herrian ez dabela lekurik” azaldu dau Iker Apraizek. Urriaren 25erako faxismoaren kontrako manifestazinoa deitu dau EHKSk. Bilbon eta Iruñean egingo dabez.
“Klase ertaina probetzen dabil, proletarizazino prozesua emoten dabil klase horretan. Krisi hori geratzeko etorri da eta horregaz amaitzeko sistemea irauli behar da” adierazo dau EHKSko ordezkariak. Europa mailako alderdi komunista barritu batek arazoari urtenbidea emongo leuskiola iradoki dau Apraizek.
EHKSren eretxian, EAJk eta EH Bilduk autonomia estatutuen erregimen barri bat egonkortzeko hautua egin dabe. “Gure ustez Euskal Herriaren autodeterminazinoaren partidua ez da hamen bakarrik jokatzen. Aldaketea ez da estaduen barrutik etorriko, konfrontazinotik baino. Termino iraultzaileetan oinarritutako prozesu trasformatzaile bat emon behar da Europan” azaldu dau EHKSko ordezkariak.