Kazetaritza Matxistaren Behatokia Euskal Herriko Unibertsidadeko Bitartez ikerketa-taldearen, Pikara Magazineko Emakume Kazetarien alkartearen eta M8 Komunikatzaileen gizarte-eragineko ekimena da. Orain urtebete pasatxo sortu zan (periodismomachista.com). Jaio zanetik, komunikabideen barri-emote matxisten 195 kasu argitaratu dauz, eta informazino horreetako gehienek (% 43) genero indarkeria minimizatzen edo erromantizatzen dabe. Ondoren, emakumeak kosifikatzen dabezan eta azalekoa azpimarratzen daben titularrak dagoz (% 16), eta errua biktimari egozten deutsiezanak (% 11). Talde sustatzaileak bere lehen urteko emaitzak aurkeztu ebazan joan dan astean Madrilgo Prentsa Elkartean, zemendiaren 25aren, Emakumeen Aurkako Indarkeria Ezabatzeko nazinoarteko egunaren harira.
Iker Merchan ikertzaileak Lau Haizetara irratsaioan azpimarratu dauanez, genero indarkeria eta matxismoaren kontrako borroka hedabideetan be garrantzitsua da. Euren helburua hedabideetan hondino existiduten dan matxismoaren kulturea aldatzea da. Analisi eta hausnarketa bitartez, Behatokiak emakumeen kontrako genero indarkeria eta holango gaiak zelan komunikatzen diran aldatzea dau helburu, ikuspegi kritiko eta eraikitzaile batetik. Proiektua herritarrek webguneko eta sareetako postontzi baten bitartez bidaltzen dabezan informazinoez hornitza da. Ondoren, adituek —akademikoek, kazetariek eta feminismoan adituak diranek— informazino horreek aztertzen dabez. Barri-emote sexista erakusten daben informazinoak argitaratzen dabez, baina bakarrik taldeak aho batez adosten badau.
Kazetaritza Matxistaren Behatokiak dagoeneko komunikazino fakultadeetan lantzen dabilzan material didaktikoa sortu dau. Ikasturte honetan Batxilergoko ikasgeletara be zabalduko da, Eusko Jaurlaritzagaz batera garatutako proiektu piloto baten bitartez.
