“Eusko Alderdi Jeltzaleak badaki zer dan herritar guztientzat gobernatzea eta konfiantza daukat euskal gizartearengan. Inkestak inkesta, domekako hauteskundeak irabaziko doguzala uste dot” esan dau Imanol Pradalesek. Inkesten arabera, %20 inguruk oraindik ez daki ze alderdi politikori emongo deutson botoa. Aste hau erabakiorra izango dala uste dau lehendakarigai jeltzaleak. “Zalantzati dabilzanek galdera bati erantzun behar deutse. Azken urteetan euren bizitzak hobera edo txarrera egin dau? Azken urteetan Euskadik hobera edo txarrera egin dau?” azaldu dau politikari bizkaitarrak.
Autogobernua
Autogobernua hobetzearen eta zabaltzearen aldeko apostua egin dau Pradalesek. Egungo estatutua beteten amaitu behar dala eta azken eskumenak trasferidu behar dirala adierazo dau aireportuena, portuena eta Gizarte Segurantzarena azpimarratuta. Autogobernuan jauzi kualitatibo bat emon beharraz berba egin dau.
Osakidetza
Osakidetzaren inguruan herri mailako hitzarmen bat aldarrikatu dau. Lehen Arretara medikuak erakarteko pizgarriak proposatu dauz baita soldata hobeak eta malgutasuna be. “Osakidetza sistema oso ona da baina hobekuntzak behar dauz” adierazo dau EAJren lehendakarigaiak. Lehen sektoreaz, enpresa ertain eta txikiez edo gizarte zein etxebizitza politikez be berba egin dogu Imanol Pradalesegaz Goizeko Izarretan saioan.