Retro Musikak antolatuta, martxan da Gospel Zikloaren 20. edizinoa, eta beste behin be arrakasta handiz erantzuten dabil publikoa. Zemendiaren 22an hasi zan zikloa, eta urtarrilaren 11ra arte luzatuko da. Danetara, 40 bat kontzertu eskainiko dira Euskal Herriko antzoki, kultur etxe eta elizatan.
Zikloaren zuzendari dan Iñaki Miguel Camiok azaldu dauanez, gospel musikak gaur egun “harrera oso ona” dauka Euskal Herrian. Kontzertuetara jente asko joaten dala nabarmendu dau. Bere esanetan, neurri handi baten, 20 urteotan egindako lanari esker lortu da gospel musikea ezaguna eta maitatua izatea. “Orain dala 20 urte hasi ginenean, jente askok ez ekian zer zan gospel musikea, eta azalpen asko emon behar izaten genduzan. Gaur egun, ostera, jenteak badaki zer dan, eta hori oso inportantea da” azpimarratu dau.
Gospel Zikloaren barruan, publikoak aukera izango dau gospel klasikoa zein modernoa entzuteko, ahots handiko artista eta taldeakaz. Bihar (19:00etan), esaterako, Ispirit taldeak emonaldia eskainiko dau Muskizko Meatzari aretoan. Eta abenduaren 22an (19:30ean), barriz, Samaria Gospel Singers taldea izango da Sopuertako Andra Mari elizan. Gospel Zikloaren inguruko informazino guztia, kontzertuen egutegia eta material grafikoa, Retro Musika-ren perfilean aurkitu daiteke sare sozialetan, batez be, Instagramen.
