Eusko Jaurlaritzak atzo emondako datuen arabera, azken legegintzaldian Euskadik berotegi efektuko gasen emisinoa %35 murriztea lortu dau Europako bataz bestekoa hobetuz. Halanda be ez dau energia barriztagarriak sortzeko eta kontsumiduteko behar dan erritmoan aurrera egin. Azken kontsumoa %17koa da eta Europar Batasunean kopuru hori %22koa da. Zifra horreek hobetzeko hondino lan handia egin behar dala esan deusku Iñigo Ansolak, Energiaren Euskal Erakundeko zuzendariak Goizeko Izarretan irratsaioan. “Euskadin energiaren kontsumitzaile handiak gara, zenbat eta energia barriztagarri gehiago sortu ta kontsumidu prezio egonkorragoak eukiko doguz eta lehiakorragoak izango gara” azaldu dau Ansolak.
Energia eolikoa eta fotoboltaikoa
Euskadin dagoan haize erroten balio-katea oso handia dala esan dau EEEko buruak eta gogoratu dau laster BECen sektoreari begirako nazinoarteko topaketea egingo dala. “Gai gara parke eoliko bat diseinatzetik parke horren azken piezea jarteraino” gaineratu dau Ansolak. Eguzki energiaz be berba egin dogu Iñigo Ansolagaz. Bizkaiko Lea-Artibai eskualdean, hilabete bat barru, fotoboltaikoen kooperatiba bat sortuko da. Eguzki energiaz hornitzeko aukerea eukiko dabe 500 familiatik gora.
Ibilgailu elektrikoak eta hibridoak
Euskadin urtarrilean matrikulautako automobilen %55 elektrikoak, hibridoak edo hidrogenoz bultzatutakoak izan dira. Diesel kotxeen matrikulazinoa %8koa izan da eta gasolina kotxeena %36koa. Azken bi honeen salmentea beheranzko joeran dago. “Zalantza barik azkenaldion elektrikoen eta hibridoen salmentea areagotu da. Orain merkaduan holako ibilgailu asko eskainzten dirala ikusten gabilz, teknologia hobetu da, gaur egun ibilgailu elektriko bategaz edonora joan ahal zara. Euskadin urte gitxi barru kotxe honeen prezioa asko jaitsiko da eta dirulaguntzarik ez da beharko. Alemanian hori gertatzen dabil” azaldu dau Ansolak.