Iñigo Martinezek ez dau segiduko Athleticen hurrengo denporaldian. Klubak eguerdi inguruan ataratako oharraren arabera “azken bi denboraldietan hainbat negoziazio saiakera egin ondoren, Iñigo Martinezek Klubaren eskaintzari uko egin deutso kontratua luzatzeko”.
Handik gitxira, Iñigo Martinezen izenean hedabideetara bialdutako oharrean -Bizkaia Irratira ez dabe bialdu- guzurtatu egin dabe klubak esandakoa. “Jokalariak ez deutso inoiz ezetzik emon klubak egindako eskaintza bateri, eskaintza hori ez dalako egon”. Iñigo Martinezen ingurutik guzurtatu egin dabe egungo Athleticek zuzendaritza batzordeak kontratua luzatzeko eskaintzarik egin deutsonik jokalariari.
Jon Uriarte, Athleticeko presidentea, Jon Berasategi gerentea eta Mikel Gonzalez, futbol zuzendaria hedabideen aurrean agertuko dira datorren barikuan denporaldiaren balantzea egiteko. Esan beharrik ez dago, Iñigo Martinezen auzia mahai ganean egongo dala klubeko arduradunen prentsaurrekoan.
Iñigo Martinezek kirol erronka barri bateri ekingo deutso FC Barcelonan. Sei denboraldi eta 177 partida jokatu ditu Athleticen elastikoagaz, hamazortzi azken denporaldi honetan. Ondarroako atzelaria 2018ko urtarrilean heldu zan Athleticera Realetik.
Beste alde batetik, Ander Iruarrizagak be ez dau jarraituko Athleticen. Atezaina kimu mailan heldu zan Lezamara eta lehenengo mailara iristea lortu dau maila guztietan jokatu ondoren. Hondino ez da argitu zer gertatuko dan Raul Garcia, Oier Zarraga eta Ander Capagaz. Hiru jokalarien kontratua ekainaren 30ean amaituten bada be, ez dago barririk euren etorkizunaren ganean.