Aritz Erkiaga eta Ion Ibarluzea izan dira Bilbao Jai Alai Iron Cup-eko txapeldunak. Ispaster eta Markinako jokalariek bi setetan irabazi eben finalean Urrutiari eta Del Riori, 15-4 eta 15-13ko emoitzagaz. Giro ona ikusi zan Bilboko Deportivo frontoian. Sei bariku jarraian zesta puntako zaletueek harmailak bete egin ebezan.
Ion Ibarluzea Markinako pelotariegaz egin dogu berba txapeldun izan ostean. Ibarluzeak konfiantza handiz jolastu eban txapelketea, ustez, berarentzat hain egokia ez zan frontoi baten. Pilotariak Winterrean baino sendoago jokatu eban Iron Cup-a, eta hori Erkiagak emondako laguntzari esker izan dala esan deusku markinakoak: “Presio eta nerbioen kudeaketean asko lagundu dosta”.
Barikuen jolastutako finalean, lehenengo jokoan, Erkiaga-Ibarluzeak izugarrizko konfiantza erakutsi eben eta 8-1 hasi ziran irabazten. Ibarluzearen berbetan hasierako tantuetan “peloteora” jolastu eben, eta Urrutiak eta Del Riok pelota asko galdu ebazen. Gainera, Ibarluzea atzean bereziki seguru ibili zan, eskuin eta ezkerrez. Urrutiak eta Del Riok ezin izan eben gehiago egin eta nagusitasun handiz bizkaitarrek 15-4 irabazi eben lehehengo set-a.
Bigarren jokoan, Iparraldeko eta Arabako pelotariek hobeto hasi eben eta Ibarluzeak horren gakoa argi dauko: “Euren pelotarekin topera hasi ziran”. Halan be, Ispasterko eta Markinako jokalariek atsedenaldi ostean markagailuari buelta emon eutsen eta pelotariaren berbetan moralki ikututa laga ebezan Urrutia eta Del Rio: “Barriro gure pelotarekin dinamika aldatu genduan”. Azkenean, bizkaitarrek partidua itxi eben 15-13 markagailuagaz.
Oraingo astean, Markinako Grand Slam-a ospatuko da eta Ibarluzearentzako txapelketa berezia da, etxean jolasten dabelako. Frontoia beteta ikusiko dala aurreratu dau pelotariak: “Markina eta Gernika bezelako herrietan giro ona sortzen dabe zesta inguruen”. Bizkaitarrarentzat aukera aparta da Grand Slam hau eta bere esanetan “ametsa txikitatik irabaztea izan da”.
Emakumezkoetan, Elahia-Ihart txapeldun
Elaia Gogenola eta Ihart Arakistain izan dira emakumezkoetan Iron Cup-eko txapeldunak. Markinarrak eta sopeloztarrak Watkins eta Mugartegi gainditu dabez hirugarren set-ean; 15-12, 12-15 eta 5-1. Bizkaitar pelotariek helburua argi euki eben eta Frida zumaiarra asko kargatu ostean, txapelarekin bueltau ziran etxera.