Abuztuan Ipar Irlandatik Eskoziara ugerrean joango da Iskander Sagarminaga eta itsas-erronkaren kronikea ilustrazinoetan jasoko dau Eider Eibarrek. 2023an Mantxako Kanala ugerrean egin eban Iskanderrek. 57 kilometro egiteko 11 ordu eta 3 minutu behar izan ebazan. Ura 12 gradutan egonda neopreno barik uger egiten dau Iskanderrek eta alboan txalupan doan Eiderrek Iskander elikatzen eta ilustrazinoak egiten pasetan dau denborea.
“Neguan Kantauri itsasoan entrenamenduak egin dodaz, neopreno barik, nire gorputza ohitzeko. Nire azala bioprenoa da” esan deusku Sagarminagak irribartsu. “Iskanderren hurrengo itsas-erronka marrazteko material barria probauko dot. 2023an akuarelak erabili nebazan baina orain argizariak, koloretako arkatzak edo errotulki akuarelgarriak probetan nabil” aitatu dau Eibarrek. Itsas zeharkaldiari edo ilustrazinoei buruzko informazino gehiago kokoak.eus webgunean dago eskuragarri.