Euskadiko ekintzailetzak goranzko joerari eusten deutso azken urteotan, baina Espainiako eta Europako batez bestekoaren azpitik dago hondino. Halan azaldu dau Iñaki Peña Euskal Ekintzailetzaren Behatokiko kideak Lau Haizetara irratsaioan. Ekintzaile izateko prestutasuna handitzen doa, batez be gazteen artean, baina genero-arrakalak eta porrot egiteko bildurrak oztopo izaten jarraitzen dabe.
Peñaren arabera, ekintzailetza sustatzeko, ezinbestekoa da finantzaketa eskuratzea erraztea eta aukera bardintasuna bermatzea. Horrez gain, adimen artifizialak eta teknologia barriek negozioak sortzeko eta kudeatzeko aukera barriak eskaintzen dabez. Halanda be, ekosistema ekintzaile inklusiboagoa eta lehiakorragoa garatzea izango da Euskadik datozen urteetan izango dauen erronka nagusietako bat.
Pasa dan astean aurkeztu eben Euskal Autonomia Erkidegoko GEM (Global Entrepreneurship Monitor) 2025-2026 txostena, Euskal Ekintzailetzaren Behatokiak egindakoa.
