`Iraganaren deiak ' EPa bost abestiz osatuta dago

Laugarren urtez segiduan disko barriagaz joan da Durangoko Azokara Jabi Patxon musikari lekeitiarra

‘Iraganaren deiak’, Jabi Patxon eta Kofradia Rocken lan barria

Orain urte batzuk ekin eutsan Jabi Patxon musikari lekeitiarrak kantu propioak sortzeari eta jentaurrean abesteari. Bakarlari moduan Hamaika gogamen (2013), Portu zaharrian (2016) eta Amesen egongelan (2020) diskoak kaleratu ebazan. 2021. urtean EH Sukarra taldean ibilitako Cesar Tejada (baxua), Asier Olabarrieta (gitarra elektrikoa) eta Fakundo Calderónegaz (bateria) batu zan Jabi talde bat osatuteko: Jabi Patxon eta Kofradia Rock. Ordutik hiru disko kaleratu dabez: sei abestiko Maitalea eta lapurra EPa (2021), abesti biko singlea Zu barik… Mundua doia oker (2022) eta Iraganaren deiak EPa (2023).

Azkenengo disko labur honetan Lara Artola lekeitiar abeslari gazteak, Itziar Etxegiak (bibolina) eta Amaia Fuentesek (alboka eta txirula) be parte hartu dabe.

Iraganaren deiak lanak bost abesti biltzen dauz. Folk eta rock estiloen artean mugiduten dira. “Lana jarraipen bat da. Estilo aldetik hobetzen zoaz, ikasten zoazelako. Beti gustau izan jataz bertsinoak egitea, diskoan moldaketa bi dagoz eta beste hirurak nire abestiak dira”, esan deusku Jabi Patxonek. Lanak izan dauan harreragaz gustora azaldu da musikaria Santo Tomas egunez Lekeition egindako Herriz Herri saioan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular