Irati Bilbaok kontzertua eskeiniko dau datorren astean Bilbon, Bloom izeneko bere bigarren lana aurkezteko. Jazz musikaria da Irati Bilbao durangarra. Bloom, kaleratu dauan bigarren lana da. Igaz aurkeztu eban. Cordobako jazz jaialdian izan zan aurkezpena urrian. Ostean, Barakaldo Antzokian edo Iurretako Musikaldian hartu dau parte. Azken honetan, sarrera guztiak agortu ziran.
Musika ikasten oraindino
Irati Bilbao 17 urtegaz hasi zan abesten. Azaldu deuskunez, Durangoko Bartolome Ertzilla musika eskolan hasi ebazan txirula ikasketak. Musikenen jazz kantuan graduatu zan Bilbao. Berak dino, bere etxean ez zala musika mota hau entzuten eta bere aldetik hasi zala Aretha Franklin entzuten eta Ella Fitzgerald ikertzen. Kantuak sortzen be hasi zan. 2020. urtean Durangoko Kantu Feministen II. Lehiaketea irabazi eban berak sortutako abesti bategaz. Kanta gehiago etorri ziran ostean. Kolaborazinoak be bai, Bilbao Lindy Band edo Jazzbana Ensenble moduko taldeetan. Musikeneko ikaskideakaz batera egoala, kanta honeek argitaratzea erabagi eban eta holan etorri zan Begin izeneko diskoa. 2020. urtea zan eta urte oso txarra kultura arloan, pandemia tarteko. Ezin izan eban ondoegi aurkeztu, zuzeneko emonaldirik ezin zalako eskaini. Egoera horrek sortutako ezinegonak eraginda, Bloom izeneko kantua sortu eban eta holan hasi zan bigarren diskoa.
Kontzertu berezia Bilbon
8 abestik osotzen dabe Bloom lana. Honeetatik 4, Iratik berak sortu dauz. Askotan ingelesez idazten eta abesten dau. Natural urtetan deutson kontua da, ikasketak be ingelesez egin dauazalako, bai hemen eta baita hemendik kanpo be. Disko barrian, bolero bat be sartu dau eta euskeraz eskeinitako Mendian Gora abestiak emoten deutso amaierea lanari. Imanol Larzabalen abestia, Xabier Amurizaren berbakaz. Irati Bilbaok esan deuskunez, kanta hau sarritan eskaini dau bere zuzenekoetan, publikoa hunkituz. Mikel Nuñez, Fran Serrano eta Aitor Bravogaz batera eskeintzen dauz zuzeneko emonaldiak. Diskoaren grabazinoan be izan dira musikariok baina baita Alvaro Zarzuela, Xabier Arriola eta Haizea Martiartu markinar saxofoilaria be. Haizezko instrumentuak zuzeneko batzutan be izango dira, tartean Bilbon, zezeilaren 15ean BBK Salan eskeiniko dauan kontzertuan. Bilboko kontzertuaren ostean, Irati Bilbao, Hondarribin izango da zezeilaren 22an. Apirilean, Sevillan, Torremolinosen eta Santanderren be izango da Durangoko musikaria.