
Pasa dan ikasturtean Portugaleteko ikastetxe publiko bi fusionauko zirala iragarri eban Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak, ikasleen falteagaitik. Maestro Zubeldia eta Virgen de la Guia eskolen arteko fusinoaren barri emon zan.
Hezkuntza Sailak eta Portugaleteko Udalak baldintza batzuk beteteko konpromisoa hartu eben, hobekuntza eta barrikuntza obrak egingo ebezala iragarri eben baina, Zubeldia Eskolako gurasoen alkartetik aldarrikatu gura dabe ez dala horrela izan. Hondino obrak ez dabezala egin dinoe eta biharko, irailaren 19rako, kontzentrazinoa deituta daukie hori salatzeko. Iratxe Gonzalez Zubeldiako gurasoen alkarteko kideak kontau deusku zein dan eskolako egoerea. “Hezkuntza sailari eskatu jakon eskolara ordezkariren bat etortea azalpenak emotera. Etorri ziran, bai Hezkuntza Sailetik bai Portugaleteko Udaletik, eta esan behar da hasierako bilera horretan euren jarrera entzuteko prest eta laguntzeko prest egozala esaten eben. Eskolaren egoera tamalgarria be bai ikusi eben. Esan behar da, eskola biak baina, nik batez be, Zubeldia eskola ezagutzen dot, oso egoera eskasean daroazela urte asko. Inolako inbertsinorik jaso barik. Itoginak, hezetasunak, ez daukagu inongo estalkirik. Umeak bustiten dira patiora urteten badira, jantokira joaten badira. Ekainean Hezkuntza Saileko ordezkariak agerraldi bat egin eban Parlamentuan gure eskolari buruz berba egiten. Hor bota ebazan hainbat promesa, bete ez dauzanak”, kontau deusku Iratxek. “Biharko kontzentrazinoa bihar deitu dogu, izan be, legebiltzarkide batzuk etorriko diralako bisita egiten eskolara, gure egoerea ezagutzeko”, azaldu dau Iratxe Gonzalezek.