
Igaz hainbeste aldaketa egin ostean, aurtengoan, pausu bat gehiago emotera dator Lekeitioko 45. Itxas Soinua Nazinoarteko Musikaldia. Holan, aurtengo musikaldiak programa anitza eta estilo desbardinak ekarriko dauz Lekeitiora.
Oihana Etxabe koordinatzaileak azaldu dauanez, jaialdia aurten be atal bitan banatuta egongo da: Gau Klasikoak (gaurtik domekara —garagarrilak 18, 19 eta 20—) Andra Mariaren Zeruratzea basilikan, eta Gau Modernoak —garagarrilaren 24an eta 25ean— Ikusgarri Zine aretoan. Kontzertu guztiak iluntzeko 20:00etan hasiko dira. Gau Klasikoei jagokenez, hiru kontzertu egongo dira: Xabier Zeberio barikuan, Ganbara Abesbatza zapatuan eta Iberian Brass Ensemble domekan. Azpimarratzekoa azken emonaldi hau, Iberian Brass Ensemble osotuten daben musikarien artean, Xabier Gabiola lekeitiarra dagoalako. Gau Modernoei jagokenez, barriz, hilaren 24an Geraldine Ramírez Trio hirukoteak jazza eta bossa nova musika estiloak eskainiko dabez, Eta biharamonean, hilaren 25ean, FEMMM+ Band taldearen txandea izango da.
Sarrerak
Aurten sarreren salmentan barrikuntza bat dago. Lehenengoz, Lekeitioko Turismo Bulegoan eskuratu daitekez. Musikaldiaren webgunean, itxasoinua.com -en be erosi daitekez. Kontzertu bakotxerako banakako sarrerak ez eze, bonoak be ipini dabez salgai.