
BEST, Bizkaiko Emakume Sortzaileen Topaketen hirugarren edizinoa urriaren 19an egin zan Bilboko Euskalduna jauregian, kulturearen sektorean genero bardintasuna sustatu eta lurraldeko emakume artista eta sortzaileen talentua eta sormena agerian jartzeko helburuagaz. 25 emakume sortzaile bizkaitarrek parte hartu eben, mahai inguruz eta emonaldi desbardinez osotutako egitarauan. Aurton, ganera, topaketak omenaldi berezia eskaini eutsan Cristina Mardaras bertsolari bizkaitarrari. Bera izan zan Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusian lehenengoz parte hartu eban emakumea.
Zelako Kultur Ideiak kooperatibak antolatzen dau BEST ekimena, Bizkaiko Foru Aldundiaren babesagaz. Itxaso Payá antolatzaileak azpimarratu deuskunez, topaketa hau ezinbesteko espazio bihurtu da Bizkaian, arte diziplina guztietako emakume sortzaileak batzeko, alkar ezagutzeko, esperientziak eta ezagutzak alkarbanatzeko, eta euren arteko sinergiak ahalbidetzeko. Bizkaian ezeze, ekimena herrietara zabaltzea erabagi dabe, kontuan hartuta, Bizkaian zehar emakume sortzaile asko dagozala. Zemendiaren 9an BEST Getxo egingo da Muxikebarrin. Parte hartuko dabenen artean, Izaro Ieregi artista bisuala, Olatz Ganboa aktorea, Mariasun Yanguas zuzendari korala, Maite Mentxaka diseinatzailea, Irantzu Garamendi abeslari eta sortzailea, Araitz Lasa dantzaria, Naroa Torralba bertsolaria, Jare Torralba aktorea eta Itxaso Payá aktore eta sortzailea dagoz.