
Goiener eta Izarkom euskal enpresek apirilaren 28ko itzalaldiaren ganeko eritxia emon dabe. Idatzia argitaratzeaz gain, prentsa gosaria antolatu dabe gaurko. ‘Itzali sistema, piztu alternatibak’ deitzen da alkarregaz kaleratu daben agiria. Energia eta telekomunikazino burujabe eta iraunkorren aldeko manifestu kolektiboa dala azaltzen dabe. Goienerreko Erika Martinez eta Izarkomeko Iker Garaialderen esanetan, apirilaren 28an argi geratu zan inoiz baino konektatuago eta inoiz baino dependienteagoak eta hauskorrak garela. Sistema elektrikoaren nondik norakoak azaltzerakoan, bat datoz esatean “inbersino minimoa-etekin handiena” logikea dala garailea elektrizidadea kudeatzen dabenen artean. Itzalaldiak gertatu izan diren herrialde biren adibideak emon dabez, Hego Australia eta Texas estadua. Honeetan, euren ustez, argi ikusi da inbersinoak egin behar direla. Energia nuklearragaz holakorik ez litzatekeela gertatuko baieztatu dabenen aurrean, bestalde, Frantziaren eredua jarri dabe. Aurreko astean Frantzia hegoaldean itzalaldia gertatu zan eta zentral nuklear ugari dago herrialde hnetan.
Ze eredu nahi dogu?
Gizarte modura ze eredu nahi dogun planteatzeko garaia da Goiener eta Izarkom enpresentzat. Lehenengoak 8.000 bazkide daukaz eta bigarrenak 4.000. Batez be, udal askogaz dabilz lanean baina dei egiten deutse erakundeei mendekotasuna gainditu eta burujabetasun zein jasangarritasunaren alde egiteko. Argindarraren ganean herritarrek jasotzen dabezan eskaintzen uholdearen aurrean, prezioak jeisteak ze ondorio daukan ohartzeko eskatu dau Garaialdek.