Eusko Legebiltzarrean gizarte lankidetzarako aurrekontuetan osasun laguntzea lehenestea eskatu dabe

Medicus Mundi Bizkaia GKEk Hondurasen, Guatemalan, Kongon eta Ruandan proiektuak daukaz

Itziar Irazabal: “Kooperazinoan osasun laguntzara diru gehiago bideratu behar da”

Guatemalako herri bateko irudia / Medicus Mundi Bizkaia

Euskadik lankidetzagaz daukan konpromisoagaz jarraitzen dau, baina osasun laguntza indartu beharko leuke.
Hori da behintzat, Medicus Mundi Gobernuz Kanpoko Erakundeak dinoana. Munduko Medikuak eta MedicusMundi GKEren txostena plazaratu barri dabe. Garapenerako Laguntza Ofizialerako aurkeztu dabezan datuen arabera, Jaurlaritza 17 autonomia erkidegoren buruan agertzen da. Estadu mailan lehenengo tokian dago Euskadi, baina Europara begiratu behar dala uste dau Itziar Irazabalek Medicus Mundiko kideak. Goizeko Izarretan izan dogu Irazabal gaur goizean.

Lankidetzaren sektoreagaz dagoan interesa baina, ez dator bat osasunak daukan garrantziagaz. Jaurlaritzak eta tokiko euskal erakundeek Garapenerako Laguntza Ofizial osoaren %3,2 eta ehuneko %6,7 zuzentzen dabe, hurrenez hurren, osasun lankidetzara. Osasun laguntzak uraren eskuragarritasuna edo emakumeen osasun eskubideak bermatzera bideratu daitezkela esan deusku Itziar Irazabalek. Afrikan horren premina handia dagoala esan deusku.

Kongo eta Ruanda

Kongoko iparraldean bizi daben gatazka militarra jasaten daben emakumeei laguntzen deutse Medicus Mundi Bizkaiak. Bestalde Ruandan 40 urte baino gehiago daroez lanean. Herrialdeak garapen handia euki dauela azaldu deusku Itziar Irazabalek. “Ruanda asko aldatu da, gaur egun turistak be badoaz herrialdeko bazterrak ezagutzera” gaineratu dau Medicus Mundiko ordezkariak.

Honduras eta Guatemala

Hondurasen eta Guatemalan proiektuak be daukaz GKE honek. “Hondurasen Xiomararen gobernu barria badabil erabagi interesgarriak hartzen. Guatemalan, ordea, azkeneko bisitan bidlurtuta geratu naz narkotrafikoak hartu dauen indarragaz” azaldu dau Irazabalek.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular